Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute Senperen (Berria)

Uda honetan egoitzak zuen itxura ikusita, sinesgaitza zen sartzea gaur eginen zutela sinestea. Alta, hitza ez dute jan, eta Senpere (Lapurdi) aldeko 82 ikasleri harrera egitea lortu dute, iragarritako egunean. Gaur izan dute eskola sartzea Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta Kattalin Elizalde kolegioko ikasleentzat berezia izan da: ikastetxea doi-doi finitua da, eta parte handi batean obrek segitzen dute oraindik. Halere, klaseak eman ahal izateko baliabide nahikoa badute, eta jangela ere bai.

Senpereko, Sarako, Azkaineko, Zuraideko, Basusariko, Arrangoitzeko, Ahetzeko, Arbonako (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) ikasleak izanen dira; hain zuzen, Kanboko Xalbador eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioek gainezka egin dute azken urteetan, eta Seaskak beharrezkoa zuen ikastetxe berri bat: bosgarrena izanen da. Seigarren eta bosgarren mailetako ikasleak hartuko dituzte, oraingoz, eta, urtez urte, kolegioko lau mailatako ikasleak hartzera helduko dira.

Iñaki Lekuona kolegioko historia irakasle eta zuzendariak estreinatu du ikastetxea goizean, eta ongietorria eman die gazteei. «Kolegiora ikastera heldu zarete, partikularki euskaraz ikastera. Zuen gurasoek eman dizueten altxorra da hizkuntza, eta zaindu behar duzuena», erran die.

Ikasturtea hasteko, gero, Kattalin Elizalderi buruzko azalpenak izan dituzte ikasleek. Urtero irrikaz itxoiten duten momentua ere heldu da. Banaka deitu dituzte irakasle arduradunek, klaseak osatzeko. Eta urteroko patua arraberritu da: batzuk kontent lagunekin direlako; besteak urduri, lagunak beste gelan izanen baitituzte.

Prestaketa lanak

Armelle Etxenike euskara irakaslea izanen da Senperen, eta iaztik lanean ibili da gainerako irakasleekin batean kolegio berriko proiektua abiatzeko. Harentzat ere sartze «berezia» izan dela aitortu du, «talde berria» baita harentzat. Baina pozik da proiektua gauzatu delako. Ikasle gutirekin baldintza «bikainak» dituela uste du, eta kurtsoak emateko «atseginago» izanen zaio. Gainera, leku berria izanda, behar bezalako baliabideak izanen dituztela erran du. Berritasun horren seinale da, erraterako, kolegio barneko usaina. Tindu usaina dute oraino paretek.

IRAKURRI ALBISTEA OSORIK