JUUL kanpainan murgilduta gabiltza

Aste honetan ere JUUL kanpainan murgilduta ibili gara, pasa den asteko bibliobisitei aste honetako beste ekintza batzuk jarraitu diote. Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan Juulen ipuina irakurri dute, Juulen irudia gure artean dago, irakurketarekin lotuta tratu onen aldeko mezua.

Baina, zertarako irakurri? Galdera horri erantzun diote ikastolako hainbat eta hainbat kidek. Berriro ere argi adieraziz irakurketak zabaltzen dizkigun ateak anitzak eta kontaezinak direla.

Egunero, jolasaldira atera dugu “liburutegi ibiltaria”, asko izan dira liburuetara hurbildu diren umeak, batzuk euren kabuz liburuak arakatzera, beste batzuk lagunekin liburuak partekatzera, beste batzuk liburuak baliatuz jolasak asmatzera… Pozik egon gaitezke, gure ikasleentzako liburuak erakargarriak dira!

Aste honi amaiera emateko, Peru Magdalenak Pipi Galtzaluzeren abenturak ekarri dizkigu ikastolara. LH 1., 2. eta 3. mailetako ikasle eta irakasleek Pipik Euskal Herriko txoko desberdinetan bizi izandako abenturekin gozatzeko aukera paregabea izan dute anfiteatroan eguraldiak goxotutako giro paregabean!