Juul Kanpaina: irakurzaletasuna bultzatzeko beste pauso bat

Ander Zenitagoia durangarra LH5. Mailako tutorea da eta, era berean, Euskaraz Bizi proiektuaren koordinatzailea. Kurutziagako ikasle-ohia, ikasgelaren beste aldean dihardu orain Anderrek. Berarekin hitz egin dugu Juul Kanpainari buruz, kanpaina honek irauten duen bi asteotan beren-beregi prestatzen duten Juul Gelan.

Zer da zehazki Juul kanpaina?

Juul Kanpaina, berez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatu eta bultzatzen duen liburu eta ilustratzaileen hautatze kanpaina bat da. Izatez, helburua, Euskal Herriko ikastoletan haurren irakurtzeko zaletasuna bultzatzea da. Ikasleek, mailaren arabera, gustukoen dituzten euskarazko liburuak eta ilustratzaileak bozkatzen dituzte. Normalean, kanpaina hori, ikastola bakoitzak irakurzaletasuna bultzatzeko duen programan txertazen da. Gure kasuan hala da behintzat.

Zein adin tarte hartzen du Juul kanpainiak?

Gure kasuan Haur Hezkuntzatik DBHra. Bistakoa da liburura hurbiltzeko modua ezberdina dela adinaren arabera, baina guztiek parte hartzen dute. LHn, adibidez, badago Juuletik eratorritako figura bat, irakurlagunarena, guk ikasturte osoan erabiltzen duguna. LH1eko ikasle batek irakurlagun bikotea izango du LH4n; LH2koak LH5en; eta LH3koak LH6n. Zelanbait esateko, nagusia txikiagoaren tutore antzeko bat bihurtzen da. Figura hori oso polita da eta ikusi dugu oso baliagarria dela irakurzaletasunaz aparteko gaiak lantzeko ere. Halaxe egin dugu bai KivAko gaiak lantzeko (Juul liburuak berak gai hori lantzen du), zein Euskararan Egunean, adibidez.

Kurutziagako irakurzaletasun programa kanpaina honetaz harago doala esan duzu…

Jakina. Ikasturte osoan lantzen da eta adinaren arabera, modu batera edo bestera, ikasleek ikastolan egiten ditzuten urte guztietan dago presente. Juul Kanpainatik aparte, Kurutziagan Durangoko Azokaren inguruko datetan Haur Literatura Aretoa izaten dugu, esate baterako. Julene Azpeitia literatur leiaketan parte hartzera ere bideratzen ditugu ikasleak… Etapaka eta zikloka helburuak eta ekintzak ezberdinak dira baina guztiak lotzen dituen hari bat bada. Idazleen bisitak izaten dira, ipuin kontalariak, antzerkia…

Ikasleek zer jarrera dute irakurketariko?

Ona. Bakoitzaren gaitasunak ere badu eragina, baina oro har, irakurketa eta liburua oso presente dagoen zerbait da. Engantxatzea da gehien kostatzen dena askotan. Behin lotura hori eginda beste martxa bat hartzen da. Bestalde, gu bereziki saiatzen gara euskal idazleak eta euren lanak ezagutu ditzaten, baita eskualdekoak ere.

Noiz izango da Juul kanpainaren bozketa?

Datorren martitzenean, apirilak 17, goizean. Eta ez pentsa, bestela badirudi ere oso serioa izaten da. Nafarroako Ikastolen Elkartetik araudia eta eta prozedurak ondo zehaztuta bidaltzen dituzte, gero!… LH6ko ikasle talde batek hartzen du bozkalekuak zaintzeko ardura eta ikasleak zintzo demonio pasatzen dira handik!