Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen liburu eta ilustratzaileen hauteskunde literarioei deitzen zaie JUUL. Dena den, JUUL kanpaina, ikastola bakoitzak garatzen duen irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko programaren barruan, azken ekintzetariko bat da.
Aurten, apirilaren 11n ospatuko dira hauteskunde hauek, horrek esan nahi du ordura arte, Kurutziaga ikastolan Juul kanpainan murgildurik ibiliko direla ikasleak. Ikasturte osoan zehar irakurzaletasunaren aldeko mezuek eta ekintzek etenik ez duten arren, orain, bereziki hartzen dute indarra hauek.
Geletan, hasiak gara Juul hauteskunde aurreko giroa sortzen eta hauteskude egunera arte girotze-ekintzek iraungo dute: bozkagai izango diren liburuen zerrendak eskura jarriz (azken 5 urteetan argitaratutakoak), geletan eta etxeetan liburuak irakurriz, irakurmetroak betez, ipuin-kontalariaren istorio zirraragarriak entzunez, irakur-lagunekin literatura-uneak partekatuz… baina batez ere, euskal literaturaz gozatuz!
Oporretatik bueltatu eta ia segidan izango dute ikasleek beraien liburu gogokoenaren alde bozkatzeko aukera, HH eta LHko ikasleen boto-paperaren bitartez bozkatuko dute apirilaren 11ko goizean zehar, DBHko ikasleek aldiz, modu elektronikoan egingo dute.
Irakurzaletasunak ez baitu oporraldirik, jarrai dezagun literaturaz gozatzen! Gau eta egun liburuak lagun!