Jone Guenetxea Arrinda (1978-Abadiño) kazetaria eta Anbotoko zuzendaria da. Kurutziagako ikasle ohia, ikastolako gurasoa da gaur egun.
Asteon LH2ko ikasleak izan dituzue bisitan Anboto Komunikabideak-en. Zelan bizi dute eurek horrelako bisita bat? Garrantzitsua iruditzen zaizu eskola umeek zuen komunikabidea ezagutzea?
Interneten eta sare sozialen eraginez, edukiak kontsumitzeko ohiturak erabat aldatu dira azken urteetan. Gazteak sare sozialetan daude, eta ikus-entzunezkorik gehienak Youtuben kontsumitzen dituzte. Baina, itsaso zabal horretan, gazteak gure edukietara zelan erakarri? Horixe da hedabide guztiok, handi zein txiki, gure buruari egiten diogun galdera. Ildo horretatik, ikasleak Anbotora bisitan etortzeari garrantzi handia ematen diogu gure proiektua ezagutu dezaten, eta etorkizunean gure irakurleak izan daitezen. Gaur egun ere izan daitezke neurri batean.
Bisitetan ikusten duzunagatik, zein da gaur egun umeek komunikabideekin duten harremana?
Adinaren arabera alde handia dago. Kasu honetan, LH 2. mailako umeak izan dira bisitan etorri direnak. Gehienek Anboto ezagutzen dute, gurasoen edo familiaren bidez. Zorion agurren atala gustuko izaten dute, ezagunen bat agertzen delako sarritan. Familiako transmisioa garrantzitsua da. Gurasoek etxean jasotzen badute eta inguruan izaten badute, umeei ere interesa piztea errazagoa da.
“12.000 ale banatzen ditugu barikuro, eta webgunean ere etenik barik ari gara”
Zergatik da garrantzitsua tokiko komunikabideen lana eta, bereziki, euskaraz aritzen direnena?
Euskaraz bizi gura dugunontzat euskarazko hedabideak izatea ezinbestekoa da, tokikoak, orokorrak zein espezializatuak izan. Euskarazko hedabide sendoak eta kalitatezkoak izatea euskararen normalizazioaren oinarrietako bat da. Tokikoon kasuan, irakurle askorentzat euskaraz irakurtzen duten euskarri bakarra gara, hainbat azterketek jasotzen dutenez. Inguruan gertatzen dena kontatzen dugu, eta horrek interes handia pizten du.
Lan hori behar beste baloratzen dela uste duzu?
Eskualdeko biztanleek proiektu hau estimatzen dutela sentitzen dugu Anbotoko langileok. Irakurle batek esaten digunean barikuetan alea postontzian jasotzeko ilusio txiki hori izaten duela, baloratuak sentitzen gara, zelan ez. 12.000 ale banatzen ditugu barikuro, eta webgunean ere etenik barik ari gara lanean. Honaino heldu bagara, irakurleei eta herritarren parte-hartzeari esker izan da. Kolaboratzaileak, iragarleak, irakurleak… Babes handia dugula sentitzen dugu.
Anbotoko zuzendaria izateaz gainera, Tokikomeko presidentea ere bazara. Zer da Tokikom eta zer irabazten dute tokiko hedabideek elkar hartuta?
Tokiko hedabideok indar handia dugu, baina bakoitzak bere eremuan. Denok elkartzeak indarra eman digu sektorean posizionatzeko eta baita gure proiektuak elkarlanean indartzeko ere. Bestalde, hedabideok sasoi berrietara egokitu beharra dugu. Olatu hori hartzea ezinbestekoa izango da proiektuek bizirik irauteko eta baita euskara espazio horietan heltzeko ere. Tokikook elkarregaz badihardugu, erronka horiei aurre egiteko aukera gehiago izango dugu.