Plan Estrategikoaren erronka nagusiak maiatzeko ostegunetan xeheago azalduko genituela adierazi genizuen joan den astean. Oraingo honetan Jon Elorrietak Kurutziagako presidente eta Proiektu Tadeko kideak eman dizkigu lehenengo erronkari buruzko azalpenak:
“Durangaldeko erreferentziazko zentrua izaten jarraitu gure identitateari eutsiz”.
Azalduko zeniguke esaldi horrek biltzen duen erronka zertan datzan?
Lehenengo eta behin, konstatazio bat dago: Kurutziaga Ikastola erreferente bat da Durangaldean hezkuntzari dagokionez. Bai arlo pedagogikoan, berrikuntzan egindako lanagatik, eta baita, modu kuantitatiboago batean, bere dimentsioagatik. Mila eta ehun ikasle, hiru lerro maila guztietan, proiektu pedagogiko sendo bat… Horri guztiorri eutsi egin gura diogu.
Bigarrenik, Kurutziaga ez da agente isolatu bat. Durangaldean kokatuta dago eta Durangaldeko errealitatea eraldatzen ari da hainbat aspektutan. Guk errealitate hori ulertu eta gure proiektuan integratu behar dugu erreferente izaten jarraitzeko.
“Durangaldeko errealitatea ulertu eta gure proiektuan integratu behar dugu”
Zertaz ari zara eraldatzen ari den errealitate horretaz ari zarenean?
Hara, ikastolen oinarrian dagoen ideietako bat da herri euskaldunagoa sortzen laguntzea. Horri dagokionez badugu ardura sozial bat uko egin ezin dioguna. Ikastolak herriaren ispilu izan behar du. Atzerritar jatorriko ume eta gaztetxoak geroz eta gehiago dira eta ikastolak erakargarria izan behar du euren familientzat eta gure herriko edozein familiarentzat. Euskal Herriko ikastolak, oro har, ari gara hausnarketa hau egiten. Familia hauengana zuzenago iristeko moduan asmatu behar dugu, bai gure hezkuntza proiektura hurbiltzeko eran, eta baita erraztasun ekonomikoak emanaz beka sistema egoki baten bidez.
Bestalde, geuk ere prestatuta egon behar dugu errealitate berriei aurre egiteko. Matrikulaz kanpo (eskolaratze batzordetik) datozen ikasleak geroz eta gehiago dira eta horri erantzuteko prestakuntza eta baliabideak ere behar ditugu. Batzuk ikastolari dagozkionak izango dira, eta beste batzuk bestelako erakunde eta eragileekin diseinatu beharko dira. Uste dut gure identitate kooperatibo eta euskaldunetik badugula ekarpen interesgarriak egiteko modua.
Jaiotze tasaren jaitsierarekin kezkatuta?
Jakina. Bistakoa da jaitsiera horrek matrikulazioan eragina duela. Momentuz, zorionez, eta hainbat urtetan egindako lanari esker, oso ondo eusten diogu. Baina aurreko erantzunean esan bezala, gaur egungo Durango eta Durangaldeari egokitutako eskaintza erakargarria eta baliagarria egitean egongo da gakoa. Horretan ari gara.
“Bazkideok aktiboak izan behar dugu gure eskubide eta arduretan”
Plan Estrategikoan aipatzen den beste egin beharretako bat guraso-bazkideei eta partaidetzari dagokiona da. Zer asmo duzue arlo horretan?
Erronkaren esaldira joko dut berriz: erreferente izan gura badugu bizitza sozietario indartsua izan behar dugu. Horretarako bazkideok gure antolaketa ezagutu behar dugu eta eskubide eta arduretan aktiboak izan behar dugu.
Parte-hartzeari dagokionez hainbat eredu aztertu ditugu eta Zornotzako Andra Mari ikastolakoa ezagutzen izan ginen, non, besteak beste, gurasoek, mailaz maila, badituzten zuzenean dagozkien ardura batzuk. Adibidez, Kurutziagan bertan, DBH2ko gurasoek badakite ekaineko jaialdia antolatzea dagokiela. Kontua izango litzateke egin beharrekoak zehaztu eta parte-hartze hori bermatzea. Ezin dena gertatu da Lekeitiko Ibilaldiarekin geratu zaiguna: hamalau pertsonako talde bat eskatu laguntzeko eta zazpirehun familiatik lauk bakarrik izena ematea. Hori ezin da gertatu.
Era berean zehaztu nahi dut ez garela, besterik barik, lanak banatzeari buruz ari. Talde-lanak kidetza sentimendua indartzen du eta komunitatea trinkotzeaz gainera gure gaitasunak biderkatu egiten ditu edozein erronkari aurre egiterako orduan.
“Guraso ordezkariaren figura sortzea ari gara lantzen”
Proposamen konkretuak ere badituzue gurasoen parte-hartzea eta informazioaren joan-etorriko kanala sortzeko, ezta?
Lantzen diharduguna da ikasgela bakoitzak izan dezala gurasoen ordezkari bat, edo nik deitzen diodan moduan, “Guraso Ahobelarri” bat: gainontzeko gurasoen belarria ikastolako gaiei dagokienez, eta euren ahoa ikastolarekin komunikatzerako orduan. Maiztasun batekin ordezkari hauek batuko dituen organo bat eratuko litzateke. Inork ezer esan gura badu ez dadila bere ahotsa entzun barik geratu ez duelako horretarako biderik aurkitu. Hau guztiau ikasturte hasieratik antolatu eta komunikatu behar da.
Hauek eta beste hainbat kontu datorren ekainaren 12ko Batzar Nagusian azalduko dira bazkideen onespena eskatuz.
Datorren asteko buletinean Gotzone Duñabeitiak, Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoak, Plan Estrategikoaren bigarren erronkaren gaineko azalpenak emango dizkigu: “Praktika erreflexiboan oinarritzen den hobekuntza eta berrikuntza sustatzea”.