Jolas-eremu berria zabalik egongo da asteburuetan eta jaiegunetan

Urko Rodriguez. Kurutziaga Ikastolako zuzendaria.

Jolas-eremu berria urtarril amaieran zabaldu bazen ere, apiriletik dago erabat erabilgarri. Erabiltzaileek positiboki baloratu dutela uste du Urko Rodriguezek. Orain, udalak egindako lurren lagapenari erantzunez, jolas-eremu berria egunero 16:30etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jaiegunetan 10:00etatik 20:00etara herritar guztientzako zabalik egongo da.

Apiril erditik gehiago zabalik dago jolas-eremu berria bere ostasunean. Zer balorazio egiten du ikastolak orain artekoaz?

Balorazioa positiboa. Egia da lanak luze jo zutela. Negua ere halakoxea izan da eta obrak berak ere bazuen bere konplexutasuna. Edozelan ere, eguzki izpi batzuk agertzen diren aldiro bistan geratzen da espazioaren potentzialtasuna. Ikastola zabaldu egin du, bai eskola orduetan eta baita eskola orduz kanpo ere, jolaserako beste aukera batzuk eskainiz.

“260.000 euroko inbertsioa egin du ikastolak jolas-erremu berrian”

Egokitzeko lanek aurrera jarraitzen dute.

Inaugurazioan esan genuen bezala jolas-eremua ez dago bukatua denborarekin eraldatzen joan den espazio moduan ulertzen dugulako. Konkretuagora jota, azkeneko asteotan ikastolako mantenuko langileak mahaiak eta bestelako elementuak jartzen ari dira. Baina kontuan hartu behar da jolas-eremu berrian 260.000 euro inbertitu dituela ikastolak eta orain pausoak motelagoak izango direla, ez hain ikusgarriak.

Udalak 3400 metro karratuko lurren lagapena egin zion ikastolari.

Halaxe da bai. Lehenago geneuzkanei gehitu zaizkie lagatakoak. Eta benetan eskertuta gaude. Esker on horren parte da lagatako lurren egokitzapenean egin dugun ahalegina. Inaugurazioan esan genuen moduan, herritik jaso dugu eta herriari eman ere egin nahi diogu bueltan. Horregatik egongo da jolas-eremua zabalik egunero 16:30etatik 20:30etara eta zapatu-domeketan 10:00etatik 20:00etara, bertoratu gura duen edozeinek jolas-eremu berriaz gozatu dezan.

“Ikastola ez da Durangon asteburuetan zabaltzen duen hezkuntza-zentru bakarra. Guztiontzako balio duen zaintza proposamen bat egin beharko genuke”

Asteburuetako zaintzak kezkatzen du ikastola?

Guk azpimarratu gura dugu guztion ardura dela espazio berri hau zaintzea. Hezkuntza zentru bat garen heinean gizalegez eta errespetuz jokatzearen beharra azpimarratzea dagokigu, eta etxekook izan behar dugu horretan eredu. Artean jolas-eremua ireki barik zegoela apurketak izan genituen eta hori, kalte materialaz harago, mingarria da oso. Egon badaude bideo-zaintza kamerak baina irudiak ikuskatzen aritu behar badugu, seinale txarra. Ez da gurea Durangon asteburuetan ateak zabaltzen dituen hezkuntza zentro bakarra eta, onena, guztiontzako balioko duen proposamen bat egitea izango litzateke.