Nekane Zubizarreta. Kurutziaga Ikastolako IKKI programaren koordinatzailea.
Kurutziaga Ikastolako ikasle ohia, hogeitabost urte eman ditu bertan irakasle. Gorputz Hezkuntza irakasten du DBHn. Ikasketa kooperatiboen IV Sinposioan izan berri da Mallorkan Idoia Sopelana irakaskidearekin batera.
Hasteko, zer da zehazki IKKI?
IKKIk Ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi esan gura du. Izatez, Vic-eko unibertsitateak (UVIC) gidatzen duen berrikuntza pedagokikorako programa bat da. Ikasgela inklusibo batean guztiok elkarrekin kooperatuz ikasteko eta kooperatzen ikasteko programa, hain zuzen ere.
Ikasgela inklusiboa da…
Inklusiboa diodanean ikasgelako kide guztiak kontuan hartzen dituena da, euren jatorria, urritasuna edo bestelako edozein desberdintasun alde batera utzita. Ikaskideekin eta ikaskideengandik ikastea da helburua, elkarrekin kooperatuz, talde-lanean. Ze, kooperatzea laguntzea baino gehiago da, funtsezko balioak daude kooperazioaren atzean: elkartasuna, desberdintasunengatiko errespetua…
Kooperazioak ikaslea bestelako gaitasun batzuetan trebatzea eskatzen du?
Hori berez dator. Adibidez, taldean ari garenean komunikazio gaitasuna inplizituki lantzen da: norberaren sentimenduak eta arrazoiak azaldu behar dira, besteenak entzun, ados egon ez arren besteen iritziak onartzen ikasi, enpatia landu… Eta ondorioz, gaitasun sozialak ere lantzen dira, elkarrizketa eta negoziazioaren bitartez adostasunetara iritsi behar baitute taldean aurrera egin ahal izateko.
Honek guztionek, horrela esanda, oso teorikoa dirudi baina IKKI programa aplikatzen guk baino urte gehiago daramaten ikastetxeetan argi eta garbi ikusi dute, barneratzen denean, ikastetxeko elkarbizitzan ere eragina duela, lasaitu egiten dela giroa. Gatazkak egon badaude, baina sarritan ikasleak eurak gai dira behar den moduan bideratzeko gaitasun batzuk barneratuta dituztelako.
Ikasleez ari gara baina irakasleei ere eragiten die IKKIk.
Jakina, azken batean lanerako bestelako metodologia bat proposatzen du, horrek dakarren guztiarekin. Ez da beti erraza, norberak ere bere egiteko moldeak barneratuta dauzkalako, baina nik ez daukat zalantzarik metodologia moduan barneratuz gero, gure lan modua erabat aldatuko duela onera.
Noiz hasi zineten programa honekin?
Kurutziagako irakasle talde txiki bat, DBHkoak guztiak, 2014/15 ikasturtean hasi ginen programa hau lantzen Berritzeguneak egindako proposamen baten bitartez. Hiru urtetako konpromisoa eskatzen zuten, programak berak ere hiru fase ditu-eta: lehenengo urtea programa ezagutu eta irakaslea trebatzeko izan zen, bigarrenean gelan ikasketa kooperatiboa orokorrago erabiltzeko estrategia eta moduak ezagutu eta hauek aplikatzea eskatzen zen eta hirugarrenean ikastetxean metodologia hau ezartzeko pausoak zelan eman azaldu zitzaigun. Ikastolan, zabaltzeko prozesuan iaz hasi ginela esan genezake, lehenengo formazioa jasotako irakasle taldea gainontzekoak formatzen hasi ginenean.
Edozelan ere, ez da programa estanko bat. Zerbait dinamikoa da, etengabe berritzen dena, praktikak berak erakusten baitu teorian egin beharreko doikuntzak edo aldaketak. Eskatu ere horixe eskatzen digute UVICetik, gure esperientziak eta hausnarketak itzultzea programa aberatsagoa izan dadin.
Zein fasetan gaude Kurutziaga Ikastolan?
Lehenago esan legez, DBHko irakasle talde batek ekin genion baina ikastola osora zabaltzeko prozesua iaz hasi genuen. DBHn hasieran sartu ez ziren irakasle gehienak eta LHko tutore eta irakasle erdiek iaz jaso zuten hasiera faseko formazioa. Falta direnek aurten ekingo diote lan horri. Programa ikastetxeko errealitatera egokitzen denean (ez dago guztientzako balio duen errezeta magikorik), ikastetxeak bere osotasunean programa barneratu duela esan ahal izango dugu.
Bukatzeko, IKKI programaren zein onura azpimarratuko zenituzke?
Begira, gizarte anitz eta denetarikoan bizi gara eta elkar errespetatu, elkarrekin lan egin, erabakiak hartu eta aurrera egiten ikasi behar dugu. Horretarako gaitasunak zenbat eta barneratuago eduki, errazagoa eta atseginagoa izango da guztion arteko elkarbizitza. Arlo konkretuetara joanda berriz, enpresa munduan adibidez, geroz eta gehiago eskatzen da taldean lan egiteko gaitasuna duen jendea… Hezkuntzak ezin du horri bizkarra emanda bizi.
Informazio gehiago gura izanez gero bisitatu sinposioaren ondorioen Sitea.