Ikasleen Hezkidetza Taldea

DBHko hogei bat ikaslek osatzen dute Ikasleen Hezkidetza taldea. Bigarren ikasturtez jarraian osatu da taldea eta bere dinamika propioa du. Izatez hezkidetza ikastola bere osotasunean hartzen duen proiektua da eta berdintasunean heztea du helburu . Maialen Pernudo irakaslea da DBHko arduraduna eta bera aritzen da ikasle taldearekin lanean. “Talde bizia da. Aurten DBH4. Mailan dauden ikasleak eta taldeko kideak direnak, beraiek joan dira DBH1era Hezkidetza Taldea zer den azaltzera eta sentsibilizazio lana egitera”. Ez da alferreko lana izan, ze, mordotxoa dira DBH1etik datozen ikasleak.

Azaroaren 25a gelan lantzen
Jolastorduan bilduta harrapatu ditugu ikasleak. Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren bueltarako prestatu dituztenak azaltzen ari dira. “Iaz kanpora begirako ekitaldi handia egin genuen. Jende askok parte hartu zuen. Baina uste dugu askotan ekintza puntual batean parte hartu eta hortxe bukatzen dela askoren konpromisoa, horregatik aurten beste era batera egitea pentsatu dugu”, dio ikasle batek.


Maialen Pernudok dionez, beraien ekimena izan da azaroaren 25aren inguruko ekintzak ohiko ikasgaietan txertatzea. “Maila bakoitzeko ikasleek beraiek erabaki dute zein ikasgaitan egin indarkeria matxistaren aurkako lanketa. Batzuek, mailaren arabera, matematikan landuko dute, estadistikak eginez, beste batzuek beste ikasgai batzuetan… Eta beraiek arduratu dira ariketak eta materiala bilatzeaz!”.

Ikasleen artean berdintasunik bada?
Galdera hori eginda erantzunak xehetasunez eta anekdotaz josita datoz. “Beharbada jende askori galdetzen badiozu esango dizu berdintasunaren alde daudela eta hori guztiori, baina egia da, gero, inkontzieteki jarrera edo esaldi despektiboak ere agertzen direla sarri”. Horregatik ere uste dute Ikasleen Hezkidetza Taldeak baduela benetako funtzioa ikastolan.


Gogo faltarik ez dute behintzat. Jolastordu batzuk joango zaizkie taldearen ekintzak prestatzen. “Azaroaren 25a da orain, baina hitzaldiak edo bestelako ekintzak ere proposatzen dituzte beraiek”, Maialen Pernudoren esanetan. Martxoaren 8ko data ere egutegian jasota dute eta baita maiatzaren 17a ere, homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako eguna.


Ikasleek badakite lana eta ardura suposatzen duela taldean sartzeak baina guztiak bat datoz merezi duela esatean. “Gu oraindik gaztetxoak gara, baina ondo dago ideai batzuk adin honetatik gehiago barneratzea eta lantzen hastea” esan du ikasle batek. Dudarik ez!