“Hurbiltasuna da sekula galdu behar ez dugun ezaugarria”

Jon Elorrieta Bustinza.  Kurutziaga Ikastolako presidentea.

Jon Elorrieta Bustinza Kurutziaga Ikastolako presidentea da eta, gaur egun guraso izateaz gainera, aspaldiko ikastola hartako ikasle ohia ere bada. Batzar Nagusiaren gaiari heldu aurretik bere akorduetan arakatu dugu apur bat.

Kurutziagako lehenengotako promozioetakoa izango zara, bada, zu.
Ni 1966koa naiz, beraz Kurutziagako hirugarren edo laugarren promoziokoa. Edozelan dela ere, iurretarra izanik, gu ez ginen Kurutziagara etortzen lehenengo mailara arte. Ordura bitartean Iurretan bertan ibili ginen. Iurretako ikastola pisu batean zegoen, etxebizitza batean.

Sei urtegaz ezagutu zenuen Kurutziaga hartaz zer akordu duzu?
Txaleta! Txaletagaz gogoratzen naiz, ikusgarria zen. Artean egiteko zegoen gaur egun Lehen Hezkuntzakoa den eraikina eta txaletaren atzealdean fruta arbolak zeuden, eta jolaserako eremu zabala. Basatza ere bai euria egiten zuenean! Maritere Zugaza-Artaza eta Maribi (abizena ez du gogoan) ziren gure hasierako andereñoak.


Goialde txaleta eta atzean gaur egungo LHko eraikina obretan./ Jon Elorrieta eta klasekideak Goiurian Asadorearen aurrean ikastolako irteera batean.

Batzar Nagusiaz

Orainaldira etorrita, ikasle hura Kurutziagako presidentea da gaur egun.
Orain dela hamar bat urte ere egon nintzen artezkaritzan. Ibilaldian arropen kontuan ibili nintzen eta hura amaitu eta, berandu barik, presidente izateko eskatu zidaten. Ekainetik gehiago nago ardura honetan eta, pozik. Egia esan, uste dut etxebizitzetako administraritzarekin gertatzen den moduan, guraso guztiok pasa beharko genukeela noizbait ardura postuetatik. Ikastola beste prespektiba batetik ikusten laguntzen du.

Zer aurkeztuko duzue datorren eguazteneko Batzar Nagusian?
Batetik, ohikoa den moduan joan den ikasturteko kontuak aurkeztuko ditugu eta haien onarpena eskatu. Bestetik, hurrengo urteko proposamena jarriko dugu mahai gainean, zelanbait esanda, edozein Batzar Nagusitan egiten den legez. Aurtengoan baina Haur Hezkuntzako eta kanpo espazioko obren kontua ere hor dago eta obren nondik norakoak eta diru-kontuak ere azalduko ditugu. Bistakoa da ez direla guk ezarritako epeak bete eta horren zergatiak eta ondorioak aztertuko ditugu. Kudeaketa planaren puntu nagusiak ere emango ditugu ezagutzera, tartean Kurutziagako organigrama berria.

Ikasturte honi dagokionez, zeintzuk dira artezkaritzan darabilzkizuen gai nagusiak?
Datozen lau-bost urteetarako plan estrategikoarekin ari gara. Obra hauek amaitzean ziklo bat bukatzen dela ematen du baina, era berean, beste batekin lotzen da jarraian. Ze, obrak helburu batekin egiten dira eta orain ikusiko da, kanpo espazioarekin adibidez, erabilerak berak esango digula zertan asmatu dugun, zer doikuntza egin behar den… Berrogeita hamargarren urteurrena ere gain-gainean daukagu. Asebetetze inkesta bat ere luzatu nahi diogu komunitateari, parte-hartzea bultzatu…

Zelan bultzatu parte-hartze hori?
Pertsonalki, iruditzen zait ezinbestekoa dela ikastolako familiak ohartzea eurak direla kooperatibaren jabeak eta garrantzitsua dela jabetza horren kontzientzia izatea, eta ez naiz zentzu materialean ari. Orain dela berrogeita hamar urte beste familia batzuek apustu hori egin zutelako gaude gu hemen, eta egon gura dugu luzaroan.
Beste alde batetik, parte-hartzeari dagokionez, egia da errazena esatea dela eta zailena izango dela bermatzea. Parte hartzeko bideak jarri egin behar dira. Kurutziagako bazkide denak hurbil sentitu behar du ikastola, sarbide erraza izan behar du. Uste dut hurbiltasun hori dela gure baliorik handienetakoa, ez bakarrik arlo pedagogikoan edo irakasle-ikasle-guraso harremanean, ezpadaze, baita Kurutziaga-familiak binomioan ere, eta horretan sakondu behar dugula.

Ikastolako komunitateko kideak datorren eguzteneko Batzar Nagusira joatera animatu beharko ditugu.
Jakina. Ohikoak direnak galdu barik, aurpegi berriak ikustea nahiko nuke. Seiehundik gora familia gara ikastolan eta hor itzelezko potentziala dago. Gu esateko eta entzuteko prest joango gara.

Presidenteak izaten du beti azkeneko hitza…
Erabili gura nuke, bada!… Ze ez nuke amaitu gura eskerrak eman barik obrak direla-eta hilabeteotan pazientzia eta jarrera ona agertu duten ikastolako langile guztiei, izan jantokiko, garbitasuneko, mantenuko, irakasle… Eta jakina, baita familiei ere. Eskerrik asko guztiei!