HH4-5: Kax-Kax dinamika hasiko dugu

Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelakook Kax-Kax dinamikan parte hartuko dugu: Bizenta Mogel bibliotekagaz elkarlanean, haurren bizitzako lehen etapan literaturagaz harremantzeko sarrera legez funtzionatuko dugu.

Zelan antolatuko da dinamika? Barikuro, gelako ume bati motxila bat emango zaio ikastolan eta liburutegira joan beharko da ipuin bat aukeratzeko. Asteburuan etxean ipuina irakurri ostean, astelehenean, ipuina ikastolara ekarriko du aste osoan zehar gelakideekin partekatu ahal izateko.

Behin astea bukatuta, zerrendan hurrengoa denak liburua liburutegian itzuliko du. Unean bertan, dinamikara zuzenduta dagoen liburuen apal edo kaxatik, umeak beste ipuin bat aukeratuko du eta hurrengo astean ikastolara eramango du, prozesua errepikatuz.

Dinamika honetan parte hartzea ezinbestekoa da, eta haurrak Bizenta Mogelen bazkide egin behar dira (ez du balio gurasoa bazkide izateak). Horretarako, bazkide egiteko orria eramango dute etxera, bazkide ez direnak orria bete eta liburutegian eman dezaten. Irakurketagaz lehen harremanak sendotzen ez ezik, haurren imajinazioa eta ideiak aberatsagoak izaten lagunduko digu egitasmo honek.

Seguru ondo pasatuko dugula!