Egun bereziak dira HHko lehenengo etapan. Ikastolan hasteko edo gelara bueltatzeko garaian, txikitxoenak etxekotzean murgilduta daude. Lehen egun hauetan inguru berrira egokitzeko faseari garrantzia berezia ematen diogu Kurutziagan. Jaione Urionabarrenetxea hezitzaileak prozesu honen inguruko argibideak eman dizkigu.
Etxekotzea zergatik da horren garrantzitsua?
Ume batzuk lehen aldiz datoz ikastolara. Beste batzuk, oporrak etxekoekin igaro ostean. Beraz, iraila hasiera berri bat da gurean. Heldu zein haurrentzat. Horregatik da garrantzitsua etxekotzea. Guztion (familia, ikastola eta hezitzaileak) arteko loturak eraikitzeko eta konfiantzazko harreman hurbil bat lortzeko. Asko zaindu beharreko garaia da eta esperientzia positiboa izan behar da umearentzat, astiro-astiro etxeko bihurtu arte.
Lehen egunetan emozio asko agertzen dira: negarra, poza, haserrea, beldurra… Nola laguntzen diezue haurrei emozio horiek bizitzen eta ikastolan seguru sentitzen?
Etxekotze sasoia, aldaketa asko gertatzen diren garaia da eta prozesu hau ume bakotzak ezberdin bizi du. Batzuek berdurra adierazten dute, beste batzuek poza, badaude haserrea erakusten dutenak, baita lotsa agertzen dutenak….Adin hauetan emozioak eta sentimenduak dantzan ari dira une oro eta gure lana, hauei begirada sentikor batetik erantzutea eta bideratzen laguntzea izango da. Zer litzateke mundua hauek gabe?
Familiek ere bizi dute etxekotze prozesua. Zer rol dute gurasoek lehen aste horietan, eta zer gomendio emango zenieke familiei?
Sasoi honetan umeekin datozen helduak (ama, aita, osaba, amama…) beraien erreferenteak dira. Segurtasuna ematen dieten figura garrantzitsuak alegia, eta beraz, gurera datozenean, hauek ere eroso eta zainduta sentitu daitezen saiatzen gara. Beraiek ere beraien prozesua bizi dutela ezin dugu ahaztu eta. Etxekotzea azken finean, bi norabideko bizipena da.
Haurrak bere erritmoa behar duela esaten da. Nola errespetatzen dira erritmo eta behar desberdin horiek ikasturte hasieran?
Ume bakoitza desberdina eta bakarra da. Izaera, beharrizan eta erritmo propioarekin. Hori dela eta, etxeko eta Ikastolako zubi lan hori, modu progresiboan egitea dagokigu. Lasaitasunez, pazientziaz, gozotasunez…Beti umea ardatz dela ahaztu gabe.
Beraiek ematen dizkiguten seinaleak behatu eta hauek kontuan hartzea garrantzitsua da, hurrengo urratsa emateko prest dauden edo ez jakiteko.
Azken finean, gurekin atxikitzeko gaitasuna eta lotura afektibo esanguratsua lortzea da helburua, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
Zeintzuk izaten dira gurasoen kezka eta ardura nagusiak?
Ikastolara lehen aldiz datozen gurasoen kezka nagusia, beraien txikiak egoera berrira nola moldatuko diren izaten da.
-Espazio ezezagunean nola arituko den.
-Gainontzeko umeekin zein erantzun edo jarrera erakutsiko duen.
-Hezitzaileekin lotura eraikiko ote duen.
-Agur esateko unea heltzen denean nola biziko duen.
-Etxekotzea bera nola joango den.
-Ondo zainduta egongo den.
Horregaitik, lehen momentutik konfiantzazko harremana eraikitzea ezinbestekoa da eta gurasoei ahal den neurrian, lasaitasuna trasmititzea. Horrela, beraien hasierako beldur, zalantza, urduritasun horiek…gutxituz joango dira guztiontzako giro atsegin eta mesedegarri bat lortuz.
Ikasturte hasiera etxekotze garaia da. Zelan doaz lehenengo egunak?
Irailaren 7an egin genien harrera guraso eta umeei. Gure artean ere antzematen zen urduritasun puntu bat. Azken finean, ikasturte bakoitza berezia eta bakarra da. Gela lora ederrez betetzen joan zen eta bertan jolaserako giro atsegina eta lasaia topatu zuten. Batzuk etxekoen ondotik urrundu gabe, beste batzuk hauek non dauden arduratu gabe… Ordu beteko saioa amaitu eta agurtzeko ordua heldu zen. Hurrengo txandari ekiteko. Astiro-astiro bagoaz aurrera eta lehen irakurketak egiteko baliogarria izan da. Balorazioa aurrerago egingo dugu baina etxekotzean benetan sinisten dugula argi daukagu.
Noiz nabaritzen duzue haur batek ikastolan etxekotze prozesua pasatuta ikasturteari ekin diezaiokeela?
Umea testuinguru berrian seguru sentitzen denean eta lotura afektiboa eraiki duenean, ikastola berea egin duela esan dezakezu.
Baina aipatu bezala, ume bakoitzak bere denbora behar du. Batzuk egunak, beste batzuk asteak. Izan ditugu baita denbora gehiago behar izan dutenak, baina denak dira baliozkoak eta errespetatu beharrekoak. Hau baita etxekotzea! Guk horrela ulertzen dugu behintzat.
Gurasoei zer mezu helaraziko zenieke?
Hezitzaileen eta etxekoen elkarlana funtzeskoa da, norabide berean arraun egiteak ingurune seguru eta koherente bat eskaintzen baitio umeari.





