Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitarte, Durangon “Haurren aurrean, helduok heldu” dinamika antolatuko dute. Bertan ez ezik, Euskal Herriko 70 herritan ere martxan jarriko da, eta dinamikaren oinarria umeak elkartzen diren guneetan batzen diren gurasoek haurrekin zein beraien artean euskaraz berba egitea da. Berbaroko kide Markel Sanchez Zelaia eta Amets Menika Bernas ekimena lantzen ari den taldeko partaideak dira. Beraiekin egin dugu berba.
Zertan datza “Haurren aurrean, helduak heldu” dinamika?
0 eta 12 urte arteko umeekin harremana duten helduen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamika bat da, Euskaraldian egin genuen modu antzekoan, baina kasu honetan gizarteko sektore horretan zentratuta. Arratsaldeetan, umeak eskolatik ateratzen direnean heldu asko elkartzen dira parke zein jolasguneetan, eta, nahiz eta euskaraz jakin, euren arteko elkarrizketak erdaraz izaten dira askotan. Horri buelta eman gura diogu. Izan ere, umeek helduen hizkuntza jokaerak imitatzen dituzte, eta, beraz, helduon ardura da euskararen aldeko jarrera aktiboa izatea.
Nondik sortu zen ideia?
Euskaltzaleen Topaguneak martxan ipinitako ideia da, eta Euskal Herri osoko 70 herri batu gara dinamikara oraingoz. Zaila da pertsonen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea, hala ere, esan ohi da jendea guraso bihurtzen denean euskarara hurbiltzen dela berriro ere. Bizitzako momentu hori aprobetxatu beharra dago hizkuntza ohitura horiek aldatu eta egonkortzeko, eta hizkuntza hautu hori umeekin zuzenean ari ez garenean ere mantentzeko.
Helburua da dinamikak dirauen bitartean helduen artean ahalik eta euskara gehien berba egitea, umeen aurrean dauden momentu horietan
Zein helburu ditu?
Helburua da dinamikak dirauen bitartean helduen artean ahalik eta euskara gehien berba egitea, umeen aurrean dauden momentu horietan. Horrek eragin bikoitza dauka: alde batetik, umeen aurrean eredugarri izango dira euskararen erabilerari dagokionez; eta bestetik, helduen hizkuntza ohiturak aldatuko dira euskararen mesedetan.
Zenbat iraungo du dinamikak, eta nola egingo duzue jarraipena?
Dinamika azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da. Arratsaldeetan umeak elkartu ohi diren parkeetan lona batzuk ipiniko ditugu, ariketa martxan dela gogorarazteko. Bestalde, ariketaren jarraipena eta koordinazioa egiteko batzorde bat osatu dugu, eta Durangoko eskola bakoitzeko ordezkari edo guraso batzuk eta Berbaroko kideak batzen gara bertan.
Nola parte hartu daiteke?
Parte hartzeko ez da izenik eman behar, dinamikaren logikan funtzionatu besterik ez: euskaraz dakiten beste helduekin zein soilik ulertzen dutenekin euskaraz egin, ahal den neurrian. Bestalde, aliatuen sareak sortu gura ditugu eskola bakoitzean, informazioa zabaltzen laguntzeko eta beste guraso edo zaintzaileei ariketa zertan den azaltzeko. Horretarako, harremanetan ipini zaitezte Kurutziagako dinamika honen arduradunagaz. Animatu parte hartzera!