Gotzone Duñabeitia, Zuzendari Pedagogikoa, Plan Estrategikoaz

Ikasturtea beteko du Gotzone Duñabeitia Kintanak Kurutziagako Zuzendari Pedagogiko karguan. Plan Estrategikoa lantzen aritu den Proiektu Taldeko kidea izan da. Plan horrek biltzen duen bigarren erronka pedagogia alorrari dagokionez, berea da nondik norako nagusiak azaltzeko ardura.

“Praktika erreflexiboan oinarritzen den hobekuntza eta berrikuntza pedagogikoa sustatzea”.

Zer dago esaldi horren atzean?

Esaldi horren atzean dago irakaslegoaren jarduteko modu bat. Egiten ari garen lanaren gaineko hausnarketa eskatzen duena lehenengo. Oraingo honetan ebaluazioa dugu aztergai. Honen inguruan egingo diren gogoetek gure lan molde eta prozesuen gaineko ondorio eta pauso berriak ematera eroango gaituzte. Hasiera batean etapa bakoitzak dituen premia ezberdinei erantzungo dien gogoeta baina, azken azkenean, hiru etapentzako balioko duen ebaluazio marko hezigarri batean bat egingo duena.

Zeri deitzen diozu “ebaluazio marko hezigarria”?

Ulertzen dut gure terminologia ez dela beti ulertzen erraza, baina saiatuko naiz. Ebaluatzeko modua aldatzea da. Esan gura dudana da gure ebaluazioak gehiago erreparatu behar diola prozesuari emaitzari baino. Emaitzak hor izango dira noski, gure hezkuntza sistemak horrela eskatzen du-eta. Gakoa non dago? Emaitza horien interpretazioa egiterakoan fokoa non jartzen dugun eta nola komunikatzen diegun hori ikasleei, familiei zein norbere lanari jarraipena emango dion hurrengo irakasleari.

Horregatik diot etapa bakoitzak bere bidea egin behar duela, baina jakinik gure hezkuntza proiektuak garapen bateratua izan behar duela eta ebaluazio marko koherente bat etapa guztietan.

“Gure ebaluazioak gehiago erreparatu behar dio prozesuari

eta ez hainbeste emaitzari”

Adibideekin errazago ulertuko da.

Begira, badakigu umeen ikasketa prozesuak ez direla linealak. Aztertu dezakegu momentu konkretu batean zer emaitza izan duen halako edo bestelako gaiaren amaieran. Emaitza bat daukagu hor. Gu proposatzen ari garena, ordea, ez da hori, ezpadaze, prozesuari erreparatzea. Adibidez: Zer lortu du ikasleak tarte horretan? Zertan edo nola lagundu diogu?… Jakina, horrek orain arteko ohiko ebaluazio jarduna berrikustea, jadanik egiten ditugunak egonkortzea eta zer nolako hobekuntzak erantsiko dizkiogun adostea dakar.

Ebaluazio marko hezigarria da, beraz, lau urtera begira jarritako helburua?

Orain bai. Ebaluzio marko hori daukagunean metodologietan sartuko gara, formakuntza beharko da eta beste hainbeste gauza… Ebidentzia bat dirudi baina ikutu dugu oso pieza garrantzitsu bat: ZER irakatsi gura dugun. Baina ez plano teorikoan bakarrik, eguneroko erralitatean aztertuz baizik. ZER hori zehazten dugunean etorriko da ZELAN egiten ari garen eta norantz jo nahi dugun aztertzeko momentua.

Azken batean berrikuntza deitzen diogun hori, nire ustetan, ez da egunerokoaren garapen dinamikoa baino. Eta gure kezkak hortik doaz: zelan lortu eskolak ondo ematea ratioak hainbeste igo direnean eta geletan halako aniztasuna dugunean. Zelan lortu umearen bizipen hori motibagarria izatea, berarekin dakarren ikasteko gogoaren su hori ez dadila inoiz amatatu… Zein diren, bakoitzaren erritmoak errespetatuta, eskatu ahal diren minimoak, maximoak, tartekoak… Guzti hori dakigunean jakingo dugu, besteak beste, hiru horma bota behar diren, edo lau, edo zazpi.

“Eguerdiko tarteari buruz baditugu datu batzuk

eta orain aztertzen ari gara zelan egokitu”

Eguerdiko tartearen, bazkalostetik eskolak hasi artekoa, kudeaketa integrala da Plan Estrategikoan jasotzen den beste lerroetako bat.

Bai. Horri dagokionez fase bat bukatutzat ematen dugu. Aurreko ikasturtean pilotu moduan probatu genuen ekintza eskaintza bat, aurtengo ikasturtean osatu eta eskaini duguna. Baditugu zerbitzu horren erabilpenaren gaineko datu batzuk eta orain ondorioak ateratzen ari gara. Badakigu adin tarte guztien erabilera ez dela maila berekoa. Badakigu baita, urte sasoiak edo eguraldiak berak eragin duela parte-hartzean, eta jakitun gara, ikasturteak aurrera egin ahala zenbaitek gurago dutela eurek euretara lasai egon, ekintzetan parte hartu baino.

Berbaro, Ausolagun eta Kurutziagaren artean daroagu aurrera zerbitzu hau, eta orain, datuon irakurketa egin eta erabakiak hartzea dagokigu. Alderdi ekonomikoa ere aztertu beharko da. Argi daukadana da zerbitzua ez dela desagertuko ze, badu bere balioa.

Jolastoki berrituarekin egindako apustuari balio gehigarria ematea da beste asmoetako bat.

Eraldaketa hori eman aurretik prozesu bat izan zen, hausnarketa bat eta azterketa bat zituena atzean. Hainbat forotan izan gara, gainera, lanketa hori aurkezten. Baina ezin dugu hor utzi. Proiektuak gauza bat dira baina errealitateak ispiluaren lana egiten du. Ikusitakoak ikusita, hainbat aspektutatik aztertu behar dugu.

Bata da ematen dituen hezkuntza jarduna aberasteko aukerak: izan ingurunearen esploraziorako eta behaketarako, gorputz hezkuntzarako zein jolaserako. Bestea izango litzateke espazio hori dinamizatzeko talde bat sortzea non elkartuko garen espazio horrekin lotura dugun guztiok: Hezkidetza Taldea, Orientazioa Departamendua, HH, LH eta DBHko ordezkariak, Zuzendaritzakoak, mantenukoak… Izan ere, hirugarren hanka mantenuari lotutakoa izango litzateke: zelan bermatzen dugu jolastoki hori ondo zainduta egongo dela, txukun, eta are gehiago, hasierako asmoan zeuden beste elementu batzuk gehituz? Bada, hor, auzolana ezinbestekoa izango dela deritzot. Eta auzolana diodanean ez nabil guztia gurasoen bizkar uzten, ikasleak eta irakasleak ere sartzen ditut zaku horretan.

Datorren asteko buletinean hirugarren erronkari buruzko azalpenak emango dituzte Urko Rodriguez Zuzendari Gerenteak eta Gotzone Duñabeitiak berak: “Barne antolaketa: lan-taldearen aintzatespena eta kohesioan eta koordinazioan sakontzea”.