Gotzone Duñabeitia: “Krisi hau instrukzio libururik barik etorri da eta egunero ari gara ikasten”

Gotzone Duñabeitia Kurutziaga Ikastolako Zuzendari Pedagogikoa da. Aste bi dira Kurutziagan aurrez-aurreko eskolak betan behera geratu zirela. Aste bi Zuzendaritza osatzen duten kide guztientzat irakasleen lana goitik behera berrantolatu eta ikastolaren eskaintza baldintza berriotara egokitzeko.

Eman diezaiegun begiratu bat joandako aste bi hauei. Zeintzuk izan dira ikastolaren lehentasunak denbora tarte honetan?

Lehenengoa eta printzipala, ikasleen hezkuntza eskubidea bermatzea. Hezkuntza Sailak zein Ikastolen Elkarteak finkatutako jarraibide eta baliabideak kontutan hartuz antolatu dugu gure ikasleen etxeko jarduna. Jakitun gara adin tarte bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta gure familien artean ere aniztasun handia dagoela. Zinez diotsut ez dela erraza izan, baina lortu dugulakoan gaude. Krisi hau instrukzio libururik barik etorri da eta egunero ari gara ikasten ditugun hutsuneei edo familiek helarazten dizkiguten mezuei erantzun nahian.

Beste ikastola batzuekin egoeraren argazkia partekatzerik izan duzue?

Ikastolen Elkartearekin harremana etengabea da. Egindako lana partekatzeko aukera izan dugu ikastolon artean eta, salbuespenak salbuespen, guztiok bide berdinetik jo dugu. Hainbat alorretan aurreratu ere egin garela esango nuke.

” Irakasleak buru belarri dabiltza familiekin zein ikasleekin harremana mantentzeko kanalei erantzuten “.

Aurrez aurreko eskolarik ez egotera, ikastolak ohiko jardunean duen gertutasun hori kolokan jartzen da.

Hori horrela da neurri batean, eta badakigu familia askoren kezka ere badela. Jardun ez-presentzialak ikasleekin dagoen kontaktu zuzena galtzea ekarri du, baina irakasleak buru belarri dabiltza familiekin zein ikasleekin harremana mantentzeko kanalei erantzuten eta ahal besteko hurbiltasunetik kudeatzen.

Honi lotuta bi gauza azpimarratu nahiko nituzke. Batetik, ikasleei dagokionez adin tarte zabala dugu, eta estrategia eta baliabide metodologiko ezberdinak darabiltzagu etapa eta ziklo bakoitzean (beherago azaltzen da etapaka).

Bestetik, hurbiltasun hori mantentzea guztion ardura da, ikastola-ikasle harreman horretara mugatu barik, hezkuntza komunitatea osotzen dugun guztiona.

Ulertuko duzue familientzat ere ez dela erraza egoera berri hau kudeatzea.

Jakina! Etxe askotan norbere lana eta seme-alabena elkartu dira. Edo kanpoan lan egin eta bueltan eskolako zereginetan lagundu beharra egokitzen da. Badaude helduen laguntza zuzenean jasotzerik ez dutenak.. Jabetzen gara horretaz, gutako asko ere egoera horretan gaudelako. Hori guztiori gogoan dugula ari gara lanean uneoro.

“Ikusten ditugu hobetu beharreko aspektuak eta saiatuko gara horretan”

Familiek egokitu beharra daukate baina baita irakasleek ere.

Irakasleok gure lanean ikaragarrizko aldaketa izan dugu egun batetik bestera. Ez dut hitzik gure irakasleek hasiera hasieratik azaldu duten prestutasun, ardura eta ahalegina eskertzeko. Ez da erraza hain denbora tarte laburrean aurrez-aurre lan egitetik era ez-presentzialean lan egiteko jarduna prestatzea. Hau da, denbora eta espazio bera konpartitzen duen ikasle talde batekin lan egitetik, esku-hartzea norbanakoari eskaini behar izateak erabat aldatu du irakasleon lan jarduna. Ikusten ditugu hobetu beharreko aspektuak eta saiatuko gara horretan, baina Zuzendari Pedagogikoa naizen neurrian esan behar dut oso harro nagoela lan-taldearen jarreraz eta erantzunaz.

Profesionalen arteko koordinazioa eta gaien kudeaketa ere konplikatu da, ezta?

Gure jardunean ikasleei arreta ematen zaiela bermatzeaz gain, ikastolako antolamenduari eta kudeaketari lotutako hamaika zeregini ere erantzun behar diegu. Eta ez da gauza bera erabakiak aurrez-aurre hartzea edo telefonoz zein bideokonferentziaz egin behar izatea. Prozesu guztiak konplikatu eta geldotu egiten dira. Baina egunak aurrera joan ahala neurria hartu diogula esango nuke.

“Familiak beti izan dira ezinbestekoak gure hezkuntza proiektuan baina orain inoiz baino gehiago”

Aurrera begira zein da familiei transmititu gura diezun mezua?

Jarraituko dugula ikasleen hezkuntza eskubidea bermatzen, eskaintza hori gure errealitatera egolkituz eta familia eta ikasleen aniztasuna bere osotasunean kontuan hartuz. Hurbiltasunari dagokionez ere aukerak aztertzen ari gara. Familiei eskatzen diet kontuan hartu dezatela adin tarte handia hartzen duen ikastetxea garela, eta guk ere gure mugak eta zailtasunak ditugula egoera honi erantzuteko. Pazientzia eta lan-talderaenganako konfidantza eskatzen ditut.

Alor akademikoari dagokionez ere egokitzapenak egingo dituzue?

Aurrera begira jarreta gaude jada, baina kontuan hartu behar dugu inork ez dakiela egoera honek noiz arte iraungo duen. Burua hirugarren hiruhilabetean jarrita hiru ardura garrantzitsu kudeatu behar ditugula esango nuke.

Bat. kasleen hezkuntzarako eskubide eraginkorra bideratzen jarraitzea, Eskura ditugun baliabide guztiak erabilita (formazio, baliabide digitalak, paperezkoak, …) eta jada antolatuta dauden lan prozedurei eutsiz.

Bigarrenik, gure ikasleek hurrengo ikasturteari begira barneratu beharreko gutxieneko edukiak bermatzea (bereziki etapa-aldaketeta ematen den kasuetan)

Eta azkenik, familiak etxean egiten ari diren lanari babesa eta jarraibideak ematea, beraien inplikazioa ahalik eta eroangarriena egiteko. Familiak beti izan dira ezinbestekoak gure hezkuntza proiektuan baina esan daiteke orain inoiz baino gehiago direla. Eskerrik asko eta animoak guztoi!

 

ETAPEN ARABERA NOLA DIHARDUGUN

Haur Hezkuntza
Haur Hezkuntzan ez da etxerako lanik bidali. Eremu ezberdinetako proposamenak jarri dira familien eskura (hizkuntza, eskulanak, matematika, motorea, jolasak eta esperimentu xumeak, … ). Beti ere, gomendio eta jarraibide argi batekin: proposamenak dira eta ez derrigorrez egin beharrekoak, jolasean oinarrituak eta gozamenerakoak. Etxe bakoitzean errealitate, baliabide eta egoera desberdinak egonik, proposamen malgua eta anitza izan behar zuela uste genuen.

Lehen Hezkuntza (1., 2., 3. Eta 4. mailak)

Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3..eta 4. mailan gurasoei posta elektronikoaz helerazten zaizkie lanak. Oinarrizko maila hauek euren berezitasunak dituzte autonomia eta eduki aldetik. Helduaren inplikazioa nahitaezkoa denez, irakasleak argibide eta proposamenen inguruko azalpenak komunikazio zuzenaren bitartez ari dira bideratzen. Derrigorrezko hezkuntzaz ari gara, eta horrek bestelako erantzun bat eskatzen du. Irakasleak orain arte ikasleekin erabili ez dituzten hainbat baliabide ezagutzen dabiltza. Lanerako bestelako tresnak planteiatu nahi badira, alde aurretik azterketa sakona egin behar da. Izan ere, irakasleek ezarri duten irizpide da ikasle guztiengana era egoki eta eraginkor batean heldu ahal izatea.

LH (5. Eta 6.) eta DBH
Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera eta DBHn egoera bestelakoa da. Ikasleak telematikoki lan egiteko prestatuak daude. Ordenagailuaz gain, erabili behar dituzten plataforma digitaletan ibilbidetxo bat egina dutenez, bertatik ari dira lanean irakasle eta ikasleak. Ikastolako jarraibide orokorrak errespetatuz, etapa bakoitzak bere antolaketa egin du zikloka eta mailaka. Hortik aurrera tutoreak eta irakasleak ari dira eskolak prestatzen: Azalpen teorikoak idatziz zein bideokonferentziaz emanez, jarduerak prestatuz eta zuzenduz eta ikasleen jardunaren jarraipena erregistratzen.