Argazkian, ezkerretik eskumara, Nihad El Battachi, Lorea Madarieta eta Olaia Cabezas
Gazteek ere beraien espazioa behar dute herrian eta egunerokotasunean. Gaztetxea badago, eta orain Gaztegunea sortu gura dute Durangoko ikastetxeetako ikasleek, Udalaren laguntzagaz. Olaia Cabezas, Lorea Madarieta eta Nihad El Battachi bilera horietan egon dira.
Zer da Gaztegunea? Zertan oinarritzen da?
Olaia Cabezas: Ikastetxe desberdinetako gazteak batu gara ikasleontzat leku eroso bat sortzeko, eta gure comfort gunetik ateratzeko modu bat ere bada.
Bilerak antolatu dituzue eta Gazteguneari buruz berba egin duzue. Zein asmogaz egin dituzue?
Lorea Madarieta: Bilerak planifikaziorako antolatu ditugu, zelakoa izatea gura dugun eta bertan zer egin gura dugun adosteko. Zehaztu behar izan dugu guretzat garrantzitsuena zer den, gunearen ordutegiak zeintzuk izango diren…
Nihad, zure kasuan tresna interesgarria izango da.
Nihad El Battachi: Horrela da. 3 urte dira Durangora etorri nintzela, eta garrantzitsua da horrelako espazioak sortzea eta egotea, aukera gehiago edukitzea, eta kultura zein jende berria ezagutzea. Hori guztia lor dezadan lagunduko dit.
Zer aurkitu duzue zuek bilera horietan?
O.C.: Hainbat ikastetxeetatik etorritako ikasleak egon gara bileretan. Gura izan duguna da ideia anitzak batzea. Lehen bileran hamazortzi lagun batu ginen, eta ahoz ahokoagaz gero eta gazte gehiago batzea lortu genuen.
Udalagaz zer harreman izan duzue prozesu horretan?
O.C.: Bilerara etorri dira Udaleko kideak, eskaintzen zigutena azaltzeko. Aurrez egon diren gazteentzako espazioen edo gaztetxeen ereduak ere erakutsi zizkiguten, eta guk maketa bat ere landu genuen, gunearen antolaketa osatzeko.
Zein balore trasmititu gura ditu gazteguneak?
L.M.: Adin guztietako gazteak joatea gura dugu. Gazteagoak direnek astebitartean espazioa aprobetxatu ahalko dute, denbora libre gehiago dutelako. Zaharragook denbora libre gutxiago izaten dugu, beraz asteburuetan erabiltzeko aukera izango genuke.
Horrelako espazioetan parte hartu duzue inoiz?
N.E.B.: Nik ez dut horrelakorik ezagutu inoiz, eta jende gehiago ezagutzeko aukera sortzeaz gain, nire egunerokotasunetik harago doazen ekintzetan parte hartzeko aukera sortzen du, benetan egin gura dudana egiteko aukera.