Euskal Herriko Ikastolek eta Galiziako Semente eskolek aurten sinatutako lankidetza akordioaren ondoren, uztail hasiera honetan Galiziako ordezkaritza bat Euskal Herrian dabil ikastolen esperientzia ezagutzen. Atzo (uztailak 4), Koldo Tellitu EHko Ikastolen lehendakariarekin etorri ziren Kurutziaga ezagutzera. Urko Rodriguezek (zuzendari gerentea) eta Gotzone Duñabeitiak (zuzendari pedagogikoa) egin zieten harrera.
Semente eskolak
2011ko azaroaren 2an Compostelan ireki zen lehen Semente eskola, bi eta sei urte bitarteko umeentzako eskola bat, osorik Galegoz. Egun zortzi eskola daude, Haur Hezkuntzakoak keta Lehen Hezkuntzakoak, eta beste hiru irekitzear dira.
Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da. Egoera honi aurre egiteko, bildu eta galegoaren berreskurapena eta Galiziako kulturaren transmisioa ondorengo belaunaldientzat ziurtatzeko sortu dira Sementeak, Escolas de Ensino Galego.
Semente eskoletan galegoa da komunikazio-hizkuntza, umeen auto-estimu linguistikoa indartzea bilatzen dute, eta Curriculum nazional galego bat osatu nahi dute. Eskola hauen beste ezaugarri batzuk hauek dira:
• Pedagogia eraldatzailea aurreratu eta aurrerakoia dute
• Hezkuntza galegoa da Sementeena, jarduera guztiak galegoz egiten dira.
• Semente eskolak sormen eta berrikuntza espazioak dira
• Laikoak dira.
• Hezkidetza eta berdintasunaren ildoak bultzatzen dituzte. Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei eta gizartean ematen diren bazterketei aurre egin nahi diete.
• Auto-eraketaren bitartez kudeatzen dira Semente eskolak, era asanbleario batean. Horri esker, gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek parte-hartze zuzena eta erabakimena dituzte Semente eskolen eguneroko kudeaketan.
• Askatasuna, errespetua eta auto-erregulazio arduratsuak babesten dituzten eskolak dira.
• Heziketa-espazio elkarreragileak dira Semente eskolak.
• Semente eskolak txertatuta daude beren herri eta auzoetan.
• Semente eskolak kultura artekotasun espazioak dira.
• Naturan Oinarritutako heziketa sustatzen dute.