Ezohiko Batzar Nagusiaren berri

Atzo (uztailak 8) Kurutziaga Ikastolako  ezohiko Batzar Nagusia izan genuen. Asistentziari dagokionez, azpimarra berezia egin gura dugu adierazteko justu-justuan gainditu genuela batzarra burutu ahal izateko bazkidegoaren %10eko langa. Ia 700 bazkide dituen kooperatiba batek bere Batzar Nagusian errepesentazio handiagoa merezi duela deritzogu. Ikastola guztiona da eta baita erantzukizuna ere.

Bozketa bidez hartutako erabakiak ondorengoak izan ziren:

2020-21 IKASTURTERAKO KUOTAK

Aurten indarrean egon diren kuotak mantentzea erabaki zen.

KIDE BERRIA ARTEZKARITZA KONTSEILUAN

Iker Perez de Arenazak Artezkaritzan egin beharreko epealdia beteta, bertako kide izateari utzi dio. Bere lekuan Amaia Garitano sartzea onartu zen. Gure aldetik Ikerri esker ona adierazi eta Amaiari aurrerantzean ekiteko gogoa eta animoa opa dizkiogu.

ASEBETETZE INKESTAREN DESKARGUA

Familiek betetako asebetetze emaitzen deskargua egin zen, azalpen guztiak emanez. Batzarrean bertan ere bazkideen ekarpenak eta iritziak jaso genituen eta kontuan hartuko ditugu aurrerantzean egin beharreko bidean.

DATORREN IKASTURTERAKO AGERTOKI POSIBLEEZ

Amaitzeko, 2020-2021 ikasturtera begira, COVID_19 dela-eta lantzen ari garen aukerak azaldu genituen. Alde batetik EAEko Hezkuntza sailak helarazitako dekretua dugu. Bestetik, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak landutako bide-orria. Horiek biak kontuan hartuta, Kurutziaga ikastolan geure bide propioa lantzen ari gara. Datoren ikasturtea galdera ikur askorekin dator baina gure esku dagoen guztia aurreratzen ari gara.

Batzarra modu telematikoan jarraitzeko aukera

Batzar Nagusia modu telematikoan jarraitzeko aukera eman zen atzokoan eta, arazo teknikoak izan bagenituen ere, esan dezakegu proba gainditu genuela. Edozelan dela ere, aukera horrek hainbat zalantza sortu dizkigu, bai legeari edo gure estatutuei dagozkienak, eta baita perte-hartze ereduari dagozkionak ere. Abenduko Batzar Nagusira begira landu beharreko gaia dugu.

Esker ona

Alex Ortuzar ikastolako presidenteak Batzar Nagusiaren amaieran ikastolako komunitatea osatzen dugun kide guztientzako esker on adierazpena egin zuen. Azkeneko hilabeteak bereziak eta zailak ere izan dira eta azpimarra egin zuen, ikasleek, familiek eta profesionalek egindako ahaleginean. Datozen hilabeteak ere ez dira nahi bezain normalak izango, beraz, guztiok norabide berean indar egin eta zailtasunak gainditzeko deia eginez bukatu zen batzarra.