Atzo (ekainak 13) egin zen Kurutziaga Ikastolaren 2017-18 ikasturteko ezohiko Batzar Nagusia. 97 bazkide gerturatu ziren eta, guztira, 112 egon ziren ordezkatuta. Jon Elorrieta presidenteak egin zien harrera bertaratutakoei.
Artezkaritzako kide berrien hautaketa
Kurutziagako artezkaritza Batzar Nagusiak hautatutako bederatzi guraso kooperatibistek osatzen dute. Kargua hiru urterako izan ohi da eta, urtean-urtean, horietatik hiru berriztu ohi dira. Beraz, aurtengoan, hiru urteko zikloa bete ostean Eloi Etxegibelek, Nerea Azkorbebeitiak eta Matxalen Oregik utzi dute kargua. Haiek utzitako lekua hartzeko hiru hautagai aurkeztu ziren eta baita onartu ere: Eli Imaz, Oscar Alberdi eta Izaskun Iturrioz.
Argazkian ezkerretik eskumara, goian: Eli Imaz (hautatu berria), Alaitz Atxurra, Eloi Etxegibel (kargua utzi du), Joseba Urretabizkaia. Behean: Alex Ortuzar, Berezi Bilbao, Nerea Azkorbebeitia (kargua utzi du), Jon Elorrieta, Iker Perez de Arenaza eta Izaskun Iturrioz (hautatu berria). Falta dira: Matxalen Oregi (kargua utzi du) eta Oscar Alberdi (hautatu berria).
Zaintza Batzordearen osatzea
Kooperatiben legeak dio 100 bazkide baino gehiago dituen Kooperatibetan Zaintza Batzordeak egon behar duela. Batzorde honen funtzio nagusia Artezkaritzaren kudeaketa gainbegiratzea da. Artezkaritzak hartzen dituen erabakiak bere helburu sozietarioekin bat datozela bermatu behar du Zaintza Batzordeak. Bere izenak esaten duen legez, zaindari lanak egiten ditu. Hiru hautagai aurkeztu ziren eta hirurak onartu ziren: Maite Santiago, Libe Alzola eta Naia Olea.
2018-19 ikasturterako kuoten igoera
Artezkaritzak, ikasturteko kontu orokorrak azaldu ostean, Batzar Nagusiari proposatu zion aspaldian ikutu barik zeuden kuotei 2017ko KPIaren igoera ezartzea, hau da, %1,08. Proposamena onartu egin zen. Igoera honek ikastolako zerbitzuen prezioan zelan eragingo duen datorren ikasturteko gidan azalduko da zehatz-mehatz.
Gursoen asebetetze galdetegia
Urko Rodriguez, ikastolako zuzendariak, gurasoei luzatutako asebetetze galdetegiaren emaitzen irakurketa orokorra egin zuen. Ikastolako bazkide diren 683 familiatik 368k bete du galdetegia, %54ak eta emaitza esanguratsua dela aipatu zuen. Gurasoek Kurutziaga Ikastolari eta eskaintzen dituen zerbitzuei jarritako batazbesteko nota, 7,49 da.
Artezkaritzatik galdetegiaren emaitzen irakurketa xehetuagoa egiteko asmoa dagoela gaineratu zuen eta, eginda dagoenean, gurasoei zelan helarazi jakinaraziko dutela. Edozelan ere, aspekturik baloratuenak eta galdetegiko emaitzen arabera hobetu beharrekoak agertu zituen.
Galdera erreguen tartean beste hainbat gai ere agertu ziren, aktan jaso eta bazkideentzat eskuragarri egongo direnak laster.