Euskararen eguna dela-eta, Kurutziagako Euskara taldeak testu bat egin du, ostiralean Durangon egingo duten ekitaldian irakurriko dutena. Hona hemen testua:
LILI ETA BIOK (Ramon Saizarbitoriari plagiatutako izenburua)
Kasu honetan LILI Gazte Durangarra da, eta NI, euskara, hizkuntza zahar hori…
Gaur larunbata da, 10etan altxatu zara eta sukaldera joan zara, aita eta ama gauza garrantzitsuez hitz egiten ari dira eta ni ez nago gonbidatuta, zu sukaldean sartu zara eta zurekin berbetan hasi dira, orduan bai, ni ere gonbidatuta nengoen. Gosaltzen nuen bitartean, Aitak Pipo paseatzera atera du eta ni ere eraman naute, amak Izekori deitu dio telefonoz baina ni kanpo utzita.
Badirudi gazte eta txakurrekin bai baina helduen artean ez nago ondo ikusita
Goiz erdian amak ogi bila bidali zaitu eta okindegian ilaran egon zara zain. Zure aurretik hiru emakume heldu berbetan ari ziren eta ni ere sartu naiz solasaldietan, baina emakume bakoitza okinarengana zuzentzerakoan baztertu egiten ninduen. Zure txanda iritsi da eta biok jardun dugu Alirekin berbetan (Zure gelako Mohameden anaia). Gure aurretik joan den emakumeak harriturik begiratzen zigun.
Batzuk ez dira konturatzen azal ezberdina dutenekin ere ondo konpontzen naizela
Arratsaldean futbol partida izan duzu, eta lauretan elkartu zarete, gurasoek eramandako 5 kotxeetan banatu zarete eta Elorrioruntz abiatu. Ez dut arazorik izan 5 kotxeetan izan diren elkarrizketetan parte hartzeko, baina futbol zelaian beste kontu bat izan da, bai gurasoek armailetan, bai entrenatzaileak zuengana zuzentzerakoan guztiz baztertu naute.
Horren nekezak dira nik ditudan hitzak?: Langa, jokoz kanpo, txartel horia, hegaletik, luzapena, atezaina, golegilea, epailea, alboko sakea, ..,
Afal ondoren, lagun artean, whatsaap taldean, biharko planak egiten hasi zarete. Lehen mezua Anek bidali du eta ni erabili nau, Ane ez da taldean oso ospetsua eta dexente kostatu da norbaitek erantzutea, zuk ere ez diozu erantzun eh Lili! Azkenean hasi dira mezuak heltzen, zuen artean haserretu, eta berehala elkarrizketatik atera egin nauzue.
Gaizki dago orokorrean eta bereziki horrelako elkarrizketetan, erabili dituzuen irainak erabiltzea, baina behar izanez gero nik ere badauzkat batzuk: Artaburu, txoriburu, kaiku, kakati, ganorabako, txotxolo, tontolapiko, astapotro, babalore, pikutara joan, Sega-potoa, alua, tentela, petral, ergela,..
Azkenean lo hartu duzu eta gurasoak salan geratu dira telebista ikusten, Nik ezin izan dut noski. Dena dela aukera bakarra OHOLTZAN programa zen, eta egia esanda gogo handirik ez.
Ba horixe, que en lugar de LARUNBATA, ha sido más bien SABADO, a ver si mañana además de DOMINGO, sikiera apurtxo bat, IGANDEA ere baden.