Mungian (Bizkaia) egin zuten Euskal Herriko Ikastolek 2021-2022ko ikasturte hasierako ekitaldia, Hezkuntza eraldatzen lemapean. Mungiako Amilotx dantza taldeak jarri zuen giroa eta kolorea ekitaldian, hainbat euskal artista ezagunen abestietan oinarritutako emanaldia eskainiz.
Aurten, gainera, ikasturtea kide berri bat gehiagogaz hasiko dugu. Izan ere, ekitaldian ongietorria egin zioten Xarnegu ikastolari, Ikastolen Elkarteko 112. ikastola bihurtu denari, ikasturte honetan ireki baititu lehenbiziko aldiz ateak, Bardozen (Lapurdi). “Euskaraz mintzo ez den eskualdean, euskaraz marrazten hasi gara etorkizuna”, azpimarratu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk.
Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldietan ohikoa da omenaldirako tarte bat eskaintzea; ikastolentzat oso garrantzitsuak diren edo izan diren pertsonei aitortza egitea, edota urteurren batzuk gogoraraztea. Aurtengo ekitaldian, ikastolen komunitatea osatzen duten guzti guztiei egin nahi izan zioten aitortza: ikasle guztiei, irakasle, hezitzaile eta laguntzaile guztiei, zuzendaritzetako kideei, idazkaritza, harrera, mantenu, garraio, garbitasun eta jangelako langile guztiei eta guraso guztiei. Aitortza, azkeneko bi urteotan egin duten guztiagatik. Aitortza, sekula ezagutu gabeko egoera bati aurre egin diotelako, ongi aurre egin ere, elkar zainduz, elkar babestuz, guztia elkarregaz aurrera ateraz.
Murgiltze eredua, hizpide
Hezkuntzari dagokionez, “murgiltze eredua ezinbestekoa” dela azpimarratu zuen Tellituk, eta otsailaren 25ean ikastolek aurkeztutako Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan honela bildu zutela: “Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema behar dugu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla”.
Murgiltze ereduari dagokionean, gaineratu zuen euskarak bakarrik ez duela konponduko egoera, “baina bera gabe bai ez dela konponduko”. Integraziorako ere balio behar duela esan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak: “Euskarak izan behar du integraziorako bitarteko handietako bat, atzerritar jatorriko ikasleak gurekin hartzeko orduan, guregaz bat egiteko orduan, ‘haiek’ ere ‘gu’ izateko orduan”.