Urriaren 23an Errigorako saskiak eskatzeko epea zabalduko da. Hiru saski mota egongo dira, prezio desberdinekin, denetariko produktu ekologikoez osatuta. Saski horiek eskatzeko epea azaroaren 11n itxiko da.
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
2013az geroztik, udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka dinamika jartzen dute martxan. Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte kanpaina horretan. Dinamika honegaz, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten diote, saski bakoitzaren balioaren %25 bertara bideraturik. Orain dela zortzi urte kanpaina lehenengoz egin zenetik eskaintzan hainbat aldaketa egin dituzte, eta beste dinamika batzuk antolatu ere bai.
Adibide da, murgilduta gauden udazken honetan Agerraldia ekimena urrian martxan jarri zutela (egin klik testuaren gainean webgunera sartzeko).
Ikastolak Irati Abio Errigorako Bizkaiko arduradunagaz egin zuen berba duela hilabete batzuk, kanpainei buruz. Elkarrizketa, testuari lotuta.