Entrenatzea hobbya eta ardura denean

Josu Arzuaga Arin. Saskibaloi entrenatzailea Kurutziagan.

Kurutziagako saskibaloi entrenatzailea da Josu. Hogeita hamasei urte ditu eta horietarik hogeita bat Kurutziagako saskibaloi taldeak entrenatzen eman ditu. Aurretik saskibaloian aritu zen Kurutziaga eta Tabirako taldeetan.

Entrenatzaile izan aurretik jokalaria ere izan zinen.

Bai. 5. mailan hasita saskibaloian jokatu nuen. Talde majoa genuen. Hasieran apur bat desastrea, baina gero onak izan ginen. Koldo Goikolea izan zen gure lehenengo entrenatzailea.

Eta zelan hasi zinen Kurutziagako taldeak entrenatzen?

Tabirakon ari nintzela ikastolako partidu bat ikustera etorri nintzen eta guraso batek eskaini zidan laguntzaile moduan hastea. Hurrengo urtetik aurrera entrenatzaile ardura hartu nuen, eta badira hogeita bat urte harrezkero. Unai Zamalloa kenduta, neu izango naiz seguru asko denbora gehien daroana Kurutziagan.

Josu bere lehenengo taldearekin (1997/98) denboraldia).

Pasioa da saskibaloia zuretzako?

Eta hobby bat ere badela esango nuke. Hori bai, ardura bat ere bada, ze, azken batean, entrenatzen ari zarenean gaztetxoak hezten ere bazabiltza. Beraz, denetatik apur bat duela esango nuke. Pasioa, hobbya eta ardura.

Eta borondatezko lana.

Bai, baina gustura egiten dut, bete egiten nau. Astean hiru entrenamendu eta zapatuetan partidua da martxa normala. Lanean ere txandak aldatu behar izaten ditut denetara ailegatzeko, baina nagusiarekin moldatzen naiz eta zapatuan partidua goizez bada arratsaldeko txanda egiten dut. Berdin aste barruko entrenamenduekin.
Baina laguntzaileak ere baditut, eskerrak! Oihan Arroio eta Aitor Callek laguntzen didate, eta aurten berriak ere sartu dira: Amaia Egia, Ane Egia eta Alaitz Martinez.

Zenbat talde daroazuz aurten?

Talde bi: DBH1ekoak eta kadeteak, DBH3koak. DBH1ekoak aurten saski handietara pasa dira eta aldaketa handia izan da. Baina oso talde langilea da, eta ari gara moldatzen. DBH3koak ere ari dira. Jokatzen ondo pasatzen badute, ni konforme!

Nesken taldeak dira biak?

Bai, orain ez dago mutilen talderik. Futbolak eroaten ditu mutil guztiak.

Hainbeste entrenamendu eta partidaren ostean, geratzen zaizu saskibaloia ikusteko gogorik?

Bai horixe! Tabirakoren partidak ikustera joaten naiz. Neuk entrenatutako neska batzuk ari dira talde nagusietan eta horrek poza ematen du.

Tabirakoz gainera, zein talde jarraitzen duzu?

Baskonia. Abonatua naiz.

Saskibaloi jokalari bat aukeratu beharko bazenu?

Michael Jordan, dudarik barik.