Enjoy English: jolastuz ikasi

Judit Aranburu markinarra da Kurutziaga Ikastolako Enjoy English programaren koordinatzailea bigarren urtez jarraian. Kurutziagako ikasgelak eta ikasleak ere ezagunak zaizkio azkeneko hiru urteotan hainbat ordezkapen egin izan dituelako bertan. Astelehenean hasi eta lau astez luzatuko da Enjoy English programa Kurutziagan eta Euskal Herriko beste hainbat ikastolatan.

Azalduiguzu zer den Enjoy English programa.

Enjoy English Euskal Herriko Ikastolen programa bat da, jatorrizko ingeles hiztunek gidatutako udaleku irekia. Euskal Herriko hemeretzi ikastoletan lantzen da eta helburua da jolasaren eta ekintza ludikoen bitartez ingelesa barneratzen joatea.

Zer adinetako umeak dituzue Kurutziagan?

Eskaintza lau urtetik hasi eta LH6 bitartekoa da. Egia da ume gehienak lau, bost, sei, zazpi tarte horretakoak direla. Horregatik bi taldetan banatzen ditugu eta talde bakoitzak bere aparteko programa lantzen du.

Zelan egiten da lanketa hori?

Aste bakoitzak proiektu bat du eta guztiak ikusgai daude webgunean, baita Kurutziagakoak ere.

Adibidez, txikienentzat Food Week da lehenengo hau. Lehengoan, adibidez, kalera atera ginen erosketak egitera: okindegira, frutadendara… Umeek ingelesez egin behar zituzten erosketok eta baita dendariek ingelesez erantzun ere. Ariketak batzuentzat zein besteentzat balio izan du!

Nagusiagoen taldean berriz, Make It Better proiektuarekin ari dira asteon. Kalean gizalegezkoak ez diren jarrerak identifikatzen dituzte (zikina lurrera jaurtitzea, txakurren kakak ez batzea…) eta kamisetak ere egin dituzte esloganarekin. Durango hobea egiteko proposamenak ere egin dituzte.

Irakasleak jatorrizko ingeles hiztunak dira guztiak.

Bai. Gehienak Ingalaterrakoak dira, edo Irlandakoak. Proiektuaren barruan badira jatorriz ingeles hiztunak ez diren herrialdetakoak ere ingeles maila bikaina dutenak. Hemezortzi eta hogeitabi urte bitarteko gazteak dira gehienak.

Zelan erakartzen dira irakasle horiek proiektura?

Lan hori Euskal Herriko Ikastolek egiten dute zuzenean. Iragarkiak jartzen dira unibertsitateetan eta gero bertara joaten da EHIren ordezkaritza bat hautagaiei elkarrizketa eta proba batzuk egitera. Kontuan hartu, irakasleak oso gazteak izan arren asko mugitzera ohituta dagoen jendea dela. Orain proiektu honetan daude baina ingelesarekin beste hainbat herrialdetan ere mugitzen dira.

Familiekin bizi dira egunotan gazteok, ezta?

Halaxe da, bai. Enjoy Englishen parte hartzen duten umeen etxeetan egoten dira. Lau monitore dira eta lau familiatan banatzen dira.

Zu zeu ere ibilia zara ingelesarekin munduan zehar?

Ingeles magisteritza ikasi nuen eta eman ditut buelta batzuk, bai. Londonen egon nitzen urtebetez, Estatu Batuetan era bai, Danimarkan…