Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusiak ebatzi ditu 2021 urterako diru-laguntzak. Hamahiru eskakizun egin ziren guztira, eta horietako hamarrek egin dute aurrera. Guztira, 802.324 euro banatu dituzte hamar eskari horien artean.
2012ko azaroan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik, ikastola guztien ekarpenari esker 7.075.334 euro banatu dira beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Eta denboran atzerago joango bagina, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira.
Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.
Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu:
- Ikastola berriak sortzen laguntzea.
- Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea.
- Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea.
- Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.
“Elkartasun ikastolak” lelopean, Kurutziagan grabatutako irudi batzuen bitartez eta bertako ikasleen laguntzaz, bideo zoragarri hau egin zuen Ikastolen Elkarteak.