Azken egunetan erregaien zein beste produktu batzuen prezioak izugarri egin du gora. Horrek zuzenean eragiten dio biztanleriaren bizitza mailari eta eskuragarri izan ditzaketen lehengaien zerrendari, gero eta murritzagoa bilakatzen ari baita. Kaltetuenei laguntza eskaintzeko asmoz, Elkartasun Biltegia sortu zuten duela hilabete batzuk, eta bertan ari dira laguntzen Martin Bizkarra eta Amaia Unzueta ikastolako ikasle ohiak. Kurutziaga Ikastolan material horien bilketa egingo dute martxoaren 14tik 18ra bitarte. Beraiekin egin dugu berba.
Zein izan zen Elkartasun biltegia sortzearen abiapuntua?
Martin Bizkarra: Oinarrizko produktuak eskuratzeko zailtasunak dituzten langileentzako tresna legez ikusten dugu Elkartasun Biltegia. Tresna bat, oinarrizko produktu ugari eskuratzeko, langileon elkartasuna ahalbidetuz, daukagun sistemaren aurrean antolatu eta indarrak batzeko. Izan ere, azken urteotako bizitzaren garestitzeak pobrezia tasa handitu egin du eta horrek, langileon antolakuntzarako beharrezkotasuna azaleratu du. Urte bat inguru da, Kontseilu Sozialista Durangaldea-tik Elkartasun Biltegia sortu genuela.
Zelan antolatzen du Elkartasun Biltegiak bere lana?
Amaia Unzueta: Bost asteroko dinamika bati jarraituz, produktuen kitak egin eta banatzeaz gain edota aldizkako bilketak burutzeaz gain, batu egiten gara Laguntza Sarea deituriko lan taldean. Berorretan, hartzaileek ez ezik, gura duenak hartu dezake parte proiektuan. Bilerak oso interesgarriak izaten dira Biltegia hauspotzeko dauden ekarpenengatik eta espazio egokia bilakatzen da, kezkak, arazoak eta zailtasunak partekatu eta horiei irtenbideak topatzen saiatuz, elkartasuna errotzeko. Azken finean, langileon elkartasuna eta antolakuntza ditugu helburu eta bertarantz garamatzan guztiak berebiziko garrantzia duela uste dugu.
Jendeak erantzun dio zuen deiari?
M.B.: Oso harrera ona izan dugu orain arte burutu ditugun ekintzen aurrean. Era batean edo bestean, ingurua laguntzeko prest agertu da, eta hori eskertzekoa da. Ikastetxeetako bilketei esker, adibidez, biltegia produktuz hornitzeaz gain, jende askorengana heltzea lortzen dugu eta era horretan, produktu horiek eskuratzeko zailtasunak dituztenengana zein, besterik barik, gure ekimena lagundu gura dutenengana heltzeko bidea errazten da. Izan ere, gero eta gehiago dira Elkartasun Biltegiko Laguntza Sareko kide izatera animatzen dabiltzanak.
Helburuak betetzen ari zarete?
A.U.: Gure helburuak lortzeko ibili beharreko bideak malkartsuak izaten direla jakin badakigu, eta pozik gaude lortutakoagaz; nolakotasunez fintzen eta kopuruz handitzen baikoaz apurka-apurka. Langileok pairatzen dugun klase gizarteari aurre egin gura diogu. Halere, badakigu lanaren bitartez lortzen direla gauzak eta hargatik, lanean jarraituko dugu hemendik aurrera ere.
BILKETARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO, PDF HONETAN: