EAEko hiru nerabetik batek sarearen erabilera problematikoa egiten du [Naiz.eus]

Naiz.eus atariak argitaratu duenez, Unicef erakundeak txosten zabal bat argitaratu du teknologiak nerabezaroan duen eraginari buruz, eta bertan adierazten du 11 eta 18 urte bitarteko ikasleen %84 hiru sare sozialetan edo gehiagotan dagoela. Hamarretik bi ziberjazarpenaren biktima izan daitezkela, eta %10ek Internet bidez heldu baten sexu-proposamen bat jaso dutela ere zehazten du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 23 ikastetxetako 5.668 nerabe baino gehiagoren (11 eta 18 urte bitartekoak) datuak bildu zituzten, 2020ko azarotik 2021eko martxora bitartean; beraz, kontuan izan behar da COVID-19aren pandemiak teknologiaren erabilera esparru guztietan bultzatu duen unean egin dela.

Batez beste, lehenengo mugikorra 11 urtegaz eskuratzen dute gazteek. %96,8k du Interneterako sarbidea, eta %91,3 egunero edo ia egunero konektatzen da. Erabilera ohiturei dagokienez, %31k onartzen du Internet astean 5 ordu baino gehiago erabiltzen duela, %21,1 gaueko hamabietatik aurrera konektatzen da eta %63,8k mugikorra klasera eramaten du.