KiVa eguna ospatu genuen urriaren 20an LHko ikasle eta irakasleek “Denok elkarrekin, tratu atseginen alde” lelopean.
Geletan, ikastolan bakoitzak jaso nahiko lukeen tratuari buruz hitz egin dugu astean zehar, eta argi geratu zaigu gure ikastola guztiontzako leku atsegina izatea dela guztion helburua.
Beraz, oraindik gaur egun ditugun arauek ez dutenez baimentzen guztion eskuak elkartzea eta tratu atseginen aldeko korro erraldoia egitea, modu sinbolikoan irudikatu dugu jantoki aurreko plazako kristalezko horman. Bertan, tratu onen aldeko mezuak dituzten koloretako siluetak bata bestearekin eskutik lotuta itsatsi ditugu, LH osoak korro erraldoi eta koloretsua eratuz.
Aurrerantzean ere, eguneroko erronka izango da elkarrekin lan eginez Kurutziaga ikastolako kide guztiontzako toki seguru eta atsegina eraikitzea.