Argazkia: Berria
1968tik 1981era, Iurretak ikastola bat izan zuen. Inoiz baino zentzu handiagoa leukake “herritik eta herriarentzako sortua” esaldiak, herritarren militantziak lagundu baitzuen ikastola horrek 13 urtez martxan iraun zezan. Iurretako auzo baten izena hartu zuen: Goiuria. Eta laster beteko du urtea ikastolaren ibilbidea eta nondik norakoak azaltzen dituen “Goiuria Ikastola: auzolan miresgarri baten kronika” liburuak. Markel Onaindia, Justo Alberdi eta Kristina Mardaras (argazkikoa) aritu dira herriz herri liburuaren aurkezpena egiten, baina atzetik lan talde eta testigantza kopuru potoloa daukate.
Bada, joan zen eguenean eta gaurkoan, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek Goiuria Ikastolari buruzko liburua eta dokumentala ezagutzeko aukera izan zuten Kurutziagan. Hainbat ikaslek emozioz bizi izan zituzten Mardarasek, Alberdik edota Onaindiak kontatutako istorioak, eta giro benetan gozoa egon izan da. Joan zen eguenean ezin izan zuten ikasleek dokumentala ikusi, baina arazoek ez zuten eragotzi berbalarien kontatzeko nahia eta ikasleen entzuteko gogoa.
Eskerrik asko Markel, Justo, Kristina eta talde osoari horrelako lana egiteagatik. Jakin, liburu dendetan salgai dagoela, eta animatzen zaituztegu Goiuria Ikastolaren historia ezagutzera!