Astebete igaro da San Agustin Kulturguneko ateak zabaldu genituenetik. Han joan ginen 40 ikaslerekin batera antzerkiaren jauregian barrena. Arantzak eman zigun ongi etorria, eta martxan hasi ginen. Egun pare batez entseguak eta azken prestaketak egin eta zas! Iritsi zen ostirala. Eta larunbata, astelehena eta asteartea ere iritsi ziren. Guztia jaso, eta berriz ere buelta Ikastolara.
Egun hauetan oholtza gainean zein kamerinoetako zirrikitu ezkutuetan bizi izandakoa zaila da esplikatzen eta labur esaten saiatuko gara. Eskerrik asko. Eskerrik asko ikasleei beste behin dituzuen dohai artistikoak erakustearren, ausartak zaretela argi uztearren. Eskerrik asko San Agustin Kulturguneari, horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko konfiantza osoa ematearren. Eskerrik asko Karrika Antzerki Taldeari gugan sinistearren. Eta eskerrik asko Ikastolari proiektu honetan murgiltzen garen oro pribilegiatu bihurtzearren.
Egindako guztia ezinezkoa litzateke Ikastolatik kanpo jasotzen dugun laguntzarik gabe. Emaitza ikaragarria da, baina hau guztia prozesu bat dela ezin dugu ahaztu. Bidean sorpresa ugari topatzen ditugu, onak eta txarrak, eta bidean zehar pertsona ugari batu zaizkigu. Beraz, milesker denori!
Amaia, Idoia eta Miren.