Datozen urteetarako Plan Estrategikoa aurkezten

Ikasturtean zehar behin baino gehiagotan aipatu dizuegun legez, Artezkaritza Kontseilua eta Zuzendaritza elkarlanean aritu dira datozen laupabost urteetarako Plan Estrategikoa lantzen. Kooperatibaren jabetza duten familien ordezkariek eta Kurutziagako profesionalek elkarrekin osatu dute Plan Estrategiko hau ikuspegi anitzagoa eta aberatsagoa emanez. Talde honi Proiektu Taldea deitu genion (argazkian).

Datorren ekainaren 12an egingo den ez-ohiko Batzar Nagusian aurkeztuko da Plan Estrategikoa modu xeheagoan baina datozen bost asteotan buletin honen bitartez ardatz nagusiak aurkeztu gura dizkizuegu.

Hausnarketarako tartea eta lerro estrategikoak

Kanpo aholkularitza baten laguntzarekin ekin genion Plan Estrategikoaren oinarriak finkatzeari ikasturte hasieran. Lehenik eta behin ikastolaren ahultasun, mehatxu, indargune eta aukeren (AMIA) lanketa bat egin zen Proiektu Taldean. Hausnarketa lan hori profesionalen klaustroan eta gurasoen aurrean aurkeztu zen ondoren. Batean zein bestean jasotako ekarpenekin Proiektu Taldeak lanean jarraitu zuen eta datozen urteetarako Kurutziagaren egin beharrekoak lau lan-lerro estrategikotara ekarri ditu:

1. Durangaldean erreferentziazko zentroa izaten jarraitzea gure identitateari eutsiz.

2. Hobekuntza eta berrikuntza pedagogikoa sustatzea.

3. Barne antolaketa: lan-taldearen aintzatespena eta kohesioan eta koordinazioan sakontzea.

4. Baliabide eta inbertsioen kudeaketa jasangarri eta orekatua lortzea.

 

Nondik begiratzen diegun datozen laupabost urteei

Zalantzarik barik Plan Estrategiko bat osatzerako orduan garrantzitsua da abiapuntuko uneko egoera. Alde horretatik, hausnarketarako une egokia izan dugu. Landutako plana ez da presaka egina, aldaketa edo krisi egoera bati erantzun nahi dion plana, alderantziz baizik.

Kurutziaga Ikastola, erakunde eta komunitate moduan momentu onean dago. Berrogeita hamargarren urteurreneko ospakizunak indarra eman digu atzera begiratu eta, gure proiektuaren balioaz jabetuta, aurrera jauzi egiteko.

Mila eta ehun haur eta gaztetxoren hezkuntzaren ardura daukagu eta datorren urterako matrikulazio datuak onak dira. Beherentz doan jaiotze tasari erreparatuta, oso onak direla ere esan genezake.

Egonkortasun ekonomikoa lortu dugu eta horrek lerro estrategikoei erantzuteko inbertsioak egin ahal izatea ahalbidetzen du.

Gorago aipatu legez, datozen asteetan xeheago emango dizuegu Plan Estrategikoaren berri baina gurako genuke gaurtik gehiago zuen agendetan ekainaren 12ko data gorde dezazuen, orduantxe burutuko baita ez-ohiko Batzar Nagusia eta hori da datozen urteotako erronkei bidea emango dien organoa.