Datorren astean bukatuko dira kanpo espazioko eta HHko eraikin berriaren lanak

Urko Rodriguez . Kurutziaga Ikastolako zuzendaria.

Atzera-aurrera handiko egunak dira Gabonetako oporren itzulerakoak ikastolan. Zeresanik ez, ikastolaren egunerokoa asko baldintzatu duten bi obrak amaitzear dauden honetan.

KANPO ESPAZIOKO LANAK

Zein da jolasgune berriaren egoera momentuotan?

Xehetasunen batzuk gora-behera lanak amaituta daude. Gure asmoa da datorren astean zehar hesiak kendu eta eremua zabaltzea. Edozelan ere, ez da eremua bere osotasunean zabalduko. Berdeguneak eta mendixkak hesitu egingo ditugu. Azken bolada luze honetan botatako euriak ez digu asko lagundu eta lurra egonkortu arte itxita mantenduko ditugu eremuok, badaezpada.

Lanak bukatuta badaude, zer da falta dena?

Erabilera arauak adosten ari gara orain. Irakasleak, ikasleak, jantoki osteko zaintzaz arduratzen diren langileak… Jende asko ukitzen du eremu berri hori zabaltzeak eta guztiekin lekua ezagutu eta adostu behar ditugu arauak.

Trena izan da guztion ahotan ibili den elementuetako bat…

Momentuz itxita egongo da bere erabilera konkretua zehaztu arte. Hartzen den erabakiaren arabera egokituko da barrualdea. Bestalde, graffitigile batekin berbatuta daukagu kanpoaldea margoztea. Egunokin etortzekoa zen baina atertzen ez duen bitartean alper-alperrik izango da.

Lanek luze jo dute.

Bai. Itxarotea nekeza egiten da beti, are gehiago begien aurrean duzuenean. Hala ere, azpimarratu gurako nuke itzelezko jolasgunea geratuko zaigula eta ez dela kapritxo baten ondorio. Lau urte atzera hasitako prozesu bat da, ikasleekin, irakasleekin eta guraso talde batekin landu dena. Hasunarketa bat dago atzean, bai hezkidetzari dagokiona eta baita jolas edo aisialdi ereduari dagokiona ere. Proiektu hau aitzindaria da eta ez nuke eskertu barik utzi gura berau gidatu duen profesional eta, aldiberean, gurasoak ere badirenen taldea. Lan bikaina egin dute. Orain erabili eta zaindu egin behar dugu.

Berria zabaltzeak lehendik zegoena ere aldatuko du.

Jakina. Futbito zelaia lekuz aldatzeak, porteriak lehen zeuden lekutik kentze hutsak, espazioaren bestelako okupazio bat bistaratu du. Seinale egindako hasunarketa ez zela okerra izan.

HAUR HEZKUNTZAKO ERAIKINA

Azken hilabetotan ikastolari bete-betean eragin dion beste obra Haur Hezkutzako eraikinarena izan da. Zertan da?

Falta dena gehiago da erremate kontua obra potoloa baino. Haur Hezkuntzako arduradunak biltegian izan dugun materialaren lekualdatzea antolatzen ari dira. Datorren astean zehar bertan egon ahal izatea espero dugu. Edozelan ere, HH3, HH4 eta HH5eko gurasoei aparteko ohar baten bitartez jakinaraziko diegu data zehatza.