Bizitzagatik eta lurraldeagatik borrokatu gara. Hizkuntzaren ordua da.

Diego Yatakwe. CEDICIC-en zuzendari orokorra (Centro de Educación, Capacitación e Investigación para el Desarrollo Integral de la Comunidad).

Diego Yatakwe joan den asteartean, urriak 31, Kurutziaga ikastolan bisitan izan genuen Nasa herriko ordezkaritzako kidea da. Kolonbiako estatuaren barruan, Nasa herria Caucako departamenduaren iparraldean bizi da. Euren hizkuntza, Nasa Yuwe, transmititu eta errekuperatzeko asmoak ekarri du Diego Garabide elkarteak antolatutako “Hamaika amets eta bat gehiago” ikastaro trinkora Nasa komunitateko beste ordezkari batzuekin batera.

CEDICIC-eko zuzendari orokorra zara. Zein da erakunde horren zeregin nagusia?

Hogei urtetik gora daroaguz Nasa herriarentzako hezkuntza proposamen bat lantzen. Pausoz pauso joan gara: lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilllergoak… Gaur egun goi zikloetako hezkuntzarekin ari gara lanean, zelanbait esanda, unibertsitate ikasketekin. Gure kultura eta identitatea kontuan hartuko dituen hezkuntza eredu propioa lantzea da helburua, komunitatearen beharrei erantzungo diena. Sarritan gertatzen baita nasa indigena bat, edo nasa ez dena, ohiko unibertsitate batean ikasketak egin eta komunitatera itzultzen denean, metatutako ezagutza baduela baina ez dakiela horrekin komunitatean zelan eragin. Hortik dator goi zikloetako hezkuntzaren premia.

Proposamen horretan zer leku du Nasa Yuwe hizkuntzak?

Ironia itzela da, egia esan. Hezkuntza propioaz ari gara, indigena izatearen kontzientzia sendoa dagoela diogu, baita antolatzeko era bat ere, baina hizkuntzarena egundo egoki heldu ez zaion gaia izan da. Suposatzen da Kolonbia estatu elebiduna dela baina benetan ez da. Bestalde, jende askok uste du gure hizkuntzak etxerako baino ez duela balio, beraz, gurasoen ardura dela haren irakaskuntza. Hezkuntza arautuan sartu, sartu da, baina astean bi edo, gehienez hiru orduz ez oinarrizko hizkuntza legez.

Hala ere, 2012. urtean Wasakkwewe’sx-ak jarri zenituzten martxan, gure ikastolen antzeko proiektu bat.

Wasakkwewe’sx-ak murgiltze esperientziak dira. Bertara doazen ume gehienen gurasoak ez dira Nasa Yuwe hiztunak. Toribio eskualdeari buruz ari gara, 35.000 biztanle inguru dituena. Biztanlegoaren %39ak hitz egiten eta ulertzen du gure hizkuntza baina gehiengoak ez bata ez bestea. Hortik dator hizkuntzaren berreskurapenerako alternatibak pentsatu eta planteatu beharra.

Harrera ona izan dute Wasakkwewe’sx-ek?

Bai. Proba piloto legez ikusten ditut eta ukaezina da bidea zabaltzen ari direla. Era berean erakusten digu zelan eraldatu behar den eskola Nasa Yuwe hizkuntzan izan dadin. 2012. urtean 6 ikaslerekin hasi ginen eta gaur egun 120 badira hiru Wasakkwewe’sx-etan.

Hori guztiori Toribio lako eskualde batean non biztanlegoren %97ak bere burua indigenatzat duen.

Bai, baina kontuan hartu Kolonbian 50 urte daroatzan gatazka armatu bat bizi dugula. Gainera, gatazka horrek bereziki gogor jo du gure eskualdea. Gure lana kontzientzia eta identitatea beste logika batetik sortzea izan da. Lehenengoa eta behinena bizitzaren eta lurraren defentsa izan da, hau da, geu talde moduan antolatzea. Hori lortu genuen baina ezin da ukatu hizkuntzaren faktorea ez dela lehentasuntzat hartu prozesu horretan. Gaur egun, identitateari dagokionez hurrengo eman beharreko pausoa zein den pentsatzen ari gara, eta, nire ustez, pauso hori hizkuntzaren berreskurapena da.

Egoera horretan egonik, zein da Garabideren ikastaroaren helburua?

Helburu nagusia Euskal Herriko esperientzia ezagututa, bere alde on eta txarrekin, etorkizuneko aukera ikustea izan da. Lehenago esan legez, gure komunitatean bada oraindik hizkuntza, ama-hizkuntza izanik, amaren ardura baino ez dela defendatzen duenik. Aldiz, Euskal Herrian ikusi dugu eskola berreskurapenerako faktore ezinbestekoa izan dela eta horrek asko zabaldu digu ikuspegia.
Eta beste aspektu bat oso garrantzitsua: benetan zentzua du hona etortzeak, ze, ikastaro hau egin zitekeen on-line, edo Mexikon, edo Kolonbian… baina hona etorrita errealitatearekin zuzeneko kontrastea egiteko aukera izan dugu. Herria euskara erabiltzen entzun eta ikusi dugu, ikastolak bisitatu ditugu, euskaltegiak ezagutu… Neurri batean bada hona etortzea esanez ez dagoela modurik hizkuntza berreskuratzeko eta beste aldeak esan diezazula: “Guk egin dugu. Orain zeuok ikusi zer egiten duzuen”.

Gure komunitatearentzako mezurik baduzu?

Gazteei ere esan diet: batek badu aurrez eginiko juzku bat non europarrak europarrak diren, Espainian bizi direnak espainiarrak edo Frantzian bizi direnak frantsesak. Harrigarria izan da beste identitate batzuk ezagutzea, kasu honetan euskaldunena. Euskal Herria, bere kultura eta hizkuntzarekin ez da bere baitan soilik balio duen zerbait, Europaren beraren altxor bat ere bada.