Juul gelan, gidoia prestatu, mozorroak egin eta entsegu asko egin ondoren, joan zen ostiralean, ‘Gure basoetan galdurik’ antzezlana taularatu zuten Lehen Hezkuntzako ikasle batzuk.
Kurtso eta adin ezberdinetako ikasleak izan ziren protagonistak, euskal mitologia gai nagusi izanda. Antzerkia ikustera Lehen Hezkuntza osoa gonbidatu zuten. Gainera, birritan egin behar izan zuten antzezlana, lehenengo emanaldian ezin izan baiziren denak sartu.
Bi emanaldiak amaitutakoan, askari txiki bat egitea erabaki zuten antzerkiko partaide guztiek, etxetik ekarritako hainbat gozokirekin.