Idoia Marin. Kurutziagako Hezkidetza proiektuaren koordintzailea.
Kurutziaga Ikastolako ikasle ohia da Idoia. Orain hamazazpi urte ordezkapenak egiten hasi zen ikastolan eta geroztik berton dihardu zaldibartarrak. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako tutorea eta, elkarrizketa honi dagokionez, ikastolako Hezkidetza proiketuaren kooordinatzailea da.
Terminologia bera muga izan ez dadin, zer da hezkidetza?
Hezkidetza aukera berdintasunean hezteko modu bat da, genero estereotipoetatik ihes egiten duena. Kontuan hartu behar da Kurutziagak bere hezkuntza proiektuan Elkarbizitza planaren barruan baduela Hezkidetza plan bat ere. Horretan ari gara.
Kurutziagan badago ikasleek osatutako Hezkidetza Taldea baina baita guraso eta irakasleek osatutakoa ere.
Badago, bai, nahiz eta ez bere onenean. Azkeneko deialdian ez geunen arrakasta handirik izan. Edozelan ere, ikasturte hasieran egin genituen batzar batzuk eta Durangoko Azokari eta Gabonei begira hezkidetzaren ikuspegitik egokiak izan daitezkeen liburu eta jostailuen proposamen bat luzatu genuen. Izan ere, liburuetan estereotipo eta balore sexistak daudela bistakoa da. Jostailuekin, again, gehiago da haietaz egiten den erabilera. Jostailuen katalogoak ostera bai, horiek bai badirela sexistak.
Arrakasta handirik izan ez zuen bilera horretan ihauterien eta mozorroen gaia jorratu gura zenuten.
Bai. Ihauteriena aspalditik datorren gaia da ikastolan. Lehen Hezkuntzako mozorroak, adibidez, nahiko bideratuta egoten dira, izan Txanelak berak proposatutakoak edo ikastolan ohituraz lantzen direnak: Surrandiak, Lantzeko ihauteriak… Estereotipoen eragina, beharbada, nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Horko printzesa eta super-heroien festak eman beharko liguke zer pentsatua.
Dena den, gu ez gatoz inori kargu hartzera. Familien elkarlana gura dugu, berba egin dadila horretaz etxeetan, eta guztion artean bestelako ereduak eskaintzeko gai izan gaitezela. Azken batean, ihauterien oinarrian dagoena gehiago da arropa zaharrak hartu, moldatu eta norbera itxuraldatzea. Baina badakigu zelan bizi garen guztiok, eta dendara bagoaz han dagoena dago. Genero aldetik oso sailkatua eta bereiztua gainera.
Gaia aldatuz, kanpo espazioko lanak egiteko ikerketa bat egin zen neskatoek eta mutikoek non eta zertan jolasten zuten jakiteko. Lanon ostean ikusten da aldaketarik?
Oraindik goiz da hori esateko. Espazio guztia ez dago erabilgarri eta guztiok ere egokitzen ari gara. Maiatz aldera garai batean egin zenaren antzeko behaketa bat egin gura dugu eta ikusiko ditugu emaitzak. Hori bai, kirola espazioaren erdigunean ez egoteak eragina badu.
Gurasooi batzarretara etortzea kosta egiten zaigunez, Hezkidetza Taldeari proposamenak edo iradokizunak egiteko biderik?
Neurekin zuzenean harremanetan jarri edo, bestela, idatzi imarin@kurutziagaikastola.eus helbidera. Dena dela, ikasturte amaiera aurretik gurasoei beste deialdi bat egingo diegu.