Honezkero zuotako batzuk konturatuko zineten jolastokia apaintzeko beste elementu bat gehitu dugula goiko zelaian, ikastolari begira: behia.
Behia ikastolan egotearen arrazoia, Bizkaiko Ikastolen elkarteko IBILALDIA Elkarteak eta Kaikuk antolatutako “Gosari osasungarriak” izeneko lehiaketan parte hartu izana da. 6. mailako ikasleekin gosari osasungarria egin zuten aurreko astean, eta 5. mailako ikasle eta tutoreek behia margotzeko erronka izan dute.
Behia nola margotu erabakitzeko, matematikako liburuan koordenatu kartesiarrak lantzeko erabili duten Piet Mondrianen artelan baten eredua hartu dute kontuan, izan ere, artelanaren koloreak eta ikastola bertakoak berdinak dira. Hala ere, artelan hori gureratu egin dute eta, eredu bezala erabili arren, ez da berdina izan.
Ekimen honetan Azkue ikastola (Lekeitio), Eleizalde ikastola (Bermeo), Seber Altube ikastola (Gernika), Txintxirri ikastola (Elorrio), Zubi Zahar ikastola (Ondarroa) eta guk parte hartu dugu. Lehiaketaren irabazleek 500€ko txekea jasoko dute, material didaktikoan edo egokitzat jotzen duen horretan erabili dezan.
Epaimahaikideak atzo egon ziren gurean eta datozen egunetan jakingo dugu zein izan den ikastola irabazlea. Diruaren gainetik, guretzako talde lanaren eta bikaintasunaren lana irabazita daukagu!
Azkenik, kontuan hartuta aurtengo ikasturtean 50. urteurrena ospatzen ari garela, ekarpen polita da jolastokia alaitzeko.
Denon artean disfruta eta zaindu dezagun!!