Hiru urte eta gero, bueltan da Korrika. Euriek, elurteek, hotzak… ez dira nahikoa izango Euskal Herrian barrena martxan ibiliko diren korrikalari euskaltzaleak gelditzeko. Ezta Kurutziagan ere! Aste zirraragarria dugu aurretik, Korrika nagusia ez ezik beste Korrika batzuk ere igaroko direlako guretik. Hemen duzue azalpen osoa:
Apirilak 1: Korrika nagusia
Kurutziaga Ikastolak lekukoa hartuko du aurten ere, non eta Ikastola parean. DBHko Euskara taldeko partaide eta langile binak eramango dute lekukoa. Noiz izango da? Korrika 05:11 inguruan sartuko da Durangon, beraz adi egon ordu horietan. Hemen duzue Korrikak Durangon egingo duen ibilbidea (PDFa, deskarga ezazu):
Apirilak 4: Kurutziagako Korrika
Aurten, iaz bezala, Korrika egun osoan martxan izango dugu ikastolan. Apirilaren 4an, astelehenean, izango da eta aurtengoan ere Kurutziaga ikastola osatzen dugun komunitate osoak ekimen horretan parte hartzea gurako genuke. Egun osoan zehar, ikastolako Korrikaren lekukoa eskurik esku ibiliko da, zuzendaritzako kideetatik hasi, administrazio, jantoki eta zerbitzuetako langileetatik pasatuz, etapa desberdinetako ikasle eta irakasleen eskuetatik familien ordezkarien eskuetara iritsi arte.
Apirilak 8: Korrika Txikia
Korrika Txikia egingo dugu Durangoko ikastetxeen artean. LH 5. eta 6. mailakoek hartuko dute parte ekitaldi horretan. Orain dela hiru urte Kurutziagan bukatu zenez, aurten gurean hasiko da eta gure ikasleek izango dute bukaeran mezua irakurtzeko ardura.
Batu zaitez euskararen ekimenik handienera!