“Aupa Kuru”: Eskola Kirola martxan jartzearen aldeko manifestua

Ondoren datorrena Kurutziaga Ikastolako guraso talde batek martxan jarritako ekimenaren aldeko manifestua duzue. Eskola kirolaren onurak eta berau segurtasun neurriekin egin ahal izatearen aldeko aldarria da. Begi onez ikusten baduzue manifestuaren behealdean adostasuna adierazteko galdetegi baterako lotura daukazue. Adostasuna adierazteaz gainera, ekimenean parte izateko deia ere egiten du guraso talde honek.

AUPA KURU!

Oso arduratuta gaude eskola kirola egiteko debekuarekin, eta egonezina sortzen digu ikusteak egungo egoeran zelako trataera ematen dioten instituzioek umeen kirolari.

Covidak kirol jardueretan orain arte izan duen kutsatze maila 0.28 eta 0.30 artean dago (iturria Bultza kirola plataforma); hori hala izanda, ezin dugu ulertu zergatik eta zertarako debekatu den eskola kirola, eta, aldiz, beste kirol jarduera batzuk ez. Kirola egiteko debekuaren katebegi ahulena dira umeak; publikoki hitzik ez zaie ematen, eta, gainera, martxotik hona, aste pare bat baino ez dute izan euren taldeekin elkartzeko: 6 laguneko burbuiletan aritu dira, musukoa jantzita, beste talde batzuekin lehiatzeko aukera barik, aldagelak erabili barik, elkar ukitu barik… eta halan ta be pozik!

Kurutziagan zein kirolez ari gara, ba? Urtero 300 umetik gora aritzen dira palan, esku pilotan, multikiroletan, atletismoan, futbolean, beisbolean, saskibaloian, xakean eta errugbian; ikastolan bertan taldeak osatuta edota beste kirol talde batzuekin hitzarmena eginda (300 umetik gora, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!). Izan ere, 5 urtetik aurrera hainbat kirol aukera ematen zaie umeei eskola kirolaren barruan.

Azterlan batzuek erakusten dute testuinguru arautu eta kontrolatuetan (adibidez, eskolaz kanpoko jarduerak eskola zentroan) haurrak direla biztanle guztien artean gutxien kutsatzen direnak eta kutsatzen dutenak. (Bartzelonako Mare de Deu Ospitaleko Kid Corona estudioak).

Horrela, bada, zelan da posible, esate baterako, gimnasio eta kiroldegietan gela itxietan kirola egiten jardun ahal izatea, eta gure umeek, aldiz, aire librean eta entrenatzaileen lan bikainaren dinamiken baitan ezin jardutea?

Eskola kirolak ez du dirurik ematen… baina autoestimua eta autokonfiantza ematen ditu; egoera desberdinetara egokitzen jakiteko bitartekoak ematen dizkie umeei, eta funtsezko hainbat alderdi lantzeko aukera: emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna, tolerantzia, talde integrazioa, aniztasuna, elkartasuna, kiroltasuna, epaileei zein beste taldeetako jokalariei erakutsi beharreko errespetua, joko garbiaren balioa, norberaren erantzukizuna eta konpromisoa, joko-arauekiko begirunea, euskara (iturria Kurutziaga Ikastola. Eskola kirolaren helburu orokorrak) eta zer esanik ez ikaskuntza, ikasketa eta ezagutza.

Kirola da haur edo nerabe batek immunitate sistema indartsu bat izateko oinarria. Ariketa fisikoak funtzio mentala, autonomia, memoria, azkartasuna eta ongizate sentsazioa hobetzen ditu, eta egonkortasuna sortzen du, ezinbestekoa dugun baikortasuna, euforia eta malgutasun mentala garatzeko.

Zer egin dezakegu orduan? Gure ustez aukera polita dugu ikastolako komunitatea osatzen dugun alderdi guztien artean indarrak batuta umeei ahotsa eman eta eskubideen urraketa hau mahai gainean jartzeko.

Argi dugu pandemia garai honetan ezinbestekoak direla segurtasun neurriak eta protokoloak betetzea; neurriok, baina, kontsekuenteak, bidezkoak eta koherenteak izan behar lukete, eta, ahal den neurrian, bide alternatiboak ere jorratu beharko lirateke, aldi berean, debekuak gaindituz.

Umeek eta gazteek bizitasuna, itxaropena, poztasuna eta etorkizuna gorpuzten dituzte… Babestu ditzagun eta bizitza kalitate osasuntsua opa diezaiegun!

Gure komunitate txiki honetatik denon artean eskola kirola modu seguruan eta iraunkorrean berriz martxan jartzeko ekimen honi ekarpenak egiteko eta zure atxikimendua adierazteko:

GALDETEGIA

Sinatzaileak:

Ainhoa Merino Anderez
Aitor Gandiaga Bergareche
Ana Hernandez Artega
Andoni Lupiañez Mintegi
Idoia Ormaetxea Irleta
Iosu Etxaniz Txurruka
Isabel de Blas Buruaga
Olatz Lasa Elgezua
Oscar Alberdi Palacios
Unai Bastegieta Agirre