Ia bi urte pasa dira arratsaldetan jolastokia itxi genuenetik. Erraz esaten da, baina zaila izan da kudeatzeko, oso zaila.
Antzeko esparruak arautzeko lege desberdin asko izan dira urte bi hauetan, hamaika iritzi egon dira gai honen inguruan, baina ez dugu inolako argibiderik jaso inondik, inork ez zekielako nora edo norengana jo. Ondorioz, erantzukizun guztia ikastola hau kudeatzen dugun arduradunen gain hartu dugu. Ez da erraza izan pisu hori soinean eramatea.
Espazio libreetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna kenduta, jolastokia arratsaldetan zabaltzea erabaki dugu. Azkenean. Ez dakigu atzera bueltarik izango duen neurri honek, espero dugu ezetz, baina arnasa hartzeko gogoari ez diogu eutsiko gaur, beraz seguru eta askatasunez arnastu jolastokian eta gozatu ezazue.
Eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen izan duzuen pazientziagatik, izandako begiruneagatik. Gozatu!