Kurutziaga Ikastolan, DBHko 4. mailako ikasketak egiten dihardu Ander Sarriugarte Garciak. Atzo (apirilak 3, asteazkena) Bilboko BBK aretoan ospatu zen Bertsolari Gazteen taldekako XVII. BBK sariketaren finalean parte hartu zuen Durangaldeko taldearekin, baita irabazi ere. Eskualde bakoitzak bi talderekin parte hartzen du: bata 18 urte bitartekoena, eta bestea 24 urte bitartekoena. Anderrek 18 urte bitarteko taldean parte hartu zuen.
Zorionak, Ander!
Eskerrik asko!
Hego-Uribe taldearekin lehiatu zenuten finala. Ondo joan zen, ezta?
Ederto! Nik 18 urte arteko taldearekin parte hartu nuen, Berrizko bertso-eskolan dabiltzan Eider Gallastegi (Mallabia) eta Irune Basagoitirekin (Ermua) batera. 24 urte bitartekoetan Iruri Atzerreka (Garai), Bittor Altube (Abadiño) eta Gorka Pagonabarragak (Durango) hartu zuten parte. Jende dexente batu zen aretoan eta giro ederra sortu zen bertsotarako.
Zure taldekide Eider eta Irunerekin aldez aurretik aritua zinen?
Sariketa honetako kanporaketetan bai, bestela, apenas. Eurek Berrizko bertso-eskolan dihardute Miren Amurizarekin, eta gu, ostera, Durangon batzen gara. Hala ere, hasierako urduritasunak aldenduta, ederto moldatu ginen.
Zu zeu noz hasi zinen bertsotan?
Laupabost urte izango dira. Juanjo Respaldizarekin hasi nintzen ikastolan eta, aldi berean, Erika Lagomarekin Durangoko bertso eskolan. Gaur egun bertso eskolan jarraitzen dut. Ostiralero batzen gara. Talde bi daude. Gurean batzen gara Bittor Altube, Gorka Pagonabarraga, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Igor Galartza… Talde polita daukagu.
Bizkaiko helduen taldekako txapelketan ere ari zara parte hartzen Tronperrieta (Durango eta Iurreta) taldearekin. Zelako esperientzia?
Oso polita. Adin ezberdinetako kideak gaude taldean, bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak… Juan Mari Areitio bertsolari iurretarra ere taldean daukagu, hirurogeita hamar urtetik gorako gizona. Polita izan da ezagutzea eta bertso munduko lehengo historiak entzutea bere ahotik. Gu pozik eta bera ere bai!
Eskolarteko bertsolari txapelketak ere laster izango dira, ba?
Bizkaikoa maiatzean. Askotxo izango gara txapelarekin ametsetan gabiltzanak, baina saiatu barik ez gara geratuko, behintzat. Lehenengo bien artean geratuz gero ekainean, Saran (Lapurdi) Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera izaten da, gainera.