Ainhoa Munitxa: Jon Lopategi maisua baino gehiago zen

Ainhoa Munitxa Arriaga. Kurutziaga Ikastolako irakaslea. Matematika irakasten du DBHn.

Otsailak 7 zituen joan den ostegunean, Ainhoaren urteguna. Eguna amaitzear zela zendu zen Jon Lopategi, 84 urterekin. Euskal Herriko bertsolaritzako izen handienetakoa izateaz gainera, Jon Lopategi Ikastolen Elkartearen eskutik bertso-eskolak ematen aritu zen urtetan, baita Kurutziaga Ikastolan ere. Ainhoa Munitxa Kurutziagan sortu zen lehenengo bertso eskolako kidea izan zen eta ez dauka ahazteko Lopategi.

Zelan hasi zinen Jon Lopategirekin bertso eskolan?

Eskola orduz kanpo ikastolara etortzen zela jakin eta taldetxo bat osatu genuen. Hamaika edo hamabi bat urte izango genituen. Ez dakit nork animatu zuen nor biana talde hartan ginen Larraitz Zarrabeitia, Izaskun Ellakuriaga, Olatz Elortza, Unax Unzalu, Kepa Imaz eta ni neu, oker ez banabil. Ez dakit hasieran ala geroago izan zen baina Mikel Urdangarin ere, Zornotzan talde barik geratu zelako-edo, geuregana batzen hasi zen.

Gogoan daukazu jendaurrean lehenengoz kantatu zenuen eguna?

Bai. Bermeoko Ibilaldian (1985) izan zela uste dut, hamabi urterekin. Gero Bizkaiko eskolarteko txapelketetan parte hartzen hasi ginen. Gurea eta pare bat urte zaharragoena izan zen Lopategiren eskuetatik pasa zen lehenengo belaunaldia.


Arg: Bizkaiko eskolarteko txapelketa 1990, Lekeitio, Jon Lopategi eta ikasleak. 
Beheko lerroan, erdian, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Ainhoa Munitxa,
Lopategiren ikasleak Kurutziaga Ikastolan.

Bizkaiko gazteak elkarrengana batzen zintuzten Lopategik, ezta?

Bai, Kanpantxura (Ajangiz) eroaten gintuen. Bizkaian bertsotan ari ginen gazte mordoska bat batu eta han ematen genituen egun batzuk. Bertsotan, kantuan, dantzan ikasi guran-edo… Itzel pasatzen genuen! Momentu eder asko eman zizkigun Lopategik. Bere furgoneta zaharreko atzealdean kabitzen ginenak sartu eta, ertzainik-edo ageri bazen, “Umeak, makurtu!” oihu egin eta aurrera. Gu Jonekin edonora joateko prest beti.

Lopategiren akordu ona gordeko duzu, beraz.

Maisua baino gehiago zen, bigarren aita bat lez. Oso esku ona zeukan gazteokin eta beti zeukan berba on bat zuretzako.

Gaur egun ere badago Kurutziaga Ikastolan bertsotan egiten ikasteko aukera. Jon Lopategi erretiratu zenetik Juanjo Respaldiza orozkoarrak dihardu lan horretan. Barikuetan etortzen da Kurutziagara eta taldetxoa batzen du. Ez dadila katea eten.

Eskerrik asko, Jon!