Agurrik ez, Txotxe!

(argazkia: Elgoibarko Barren aldizkaria)

Jose Martin Urrutia Abio (Elgoibar, 1961-2018) zituen izen-abizenak gehienok Txotxe legez ezagutu dugunak. 1986an hasi zen ikastolan lanean eta ikasturte horretan bertan Behin batean Ju, Ju, Ju… antzelana taularatu zuten ikasleek. Harrezkero, hogeita hamar urte baino gehiago iraun du Kurutziagako antzerkigintza proiektuak (25. urtea bete zeneko bideoa hemen). Euskal antzerkiari gaztetxoen artean lekua egin, gidoia, dekoratuak eta landu beharrekoak landu eta, batez ere, halako erronkari talde-lanarekin erantzutea izan dira egitasmoaren oinarri-oinarriko helburuak eta Txotxerenak berarenak ere, azken finean.

Orientazio departamenduan lanean

Txotxeren izena antzerkiarekin lotzen dugu baina Kurutziaga Ikastolan bere jardun nagusia ikastolako Orientazio Departamenduan izan du. Bertako kide legez, lan handia egin du hamaika ikaslerekin euren ikaskuntza prozesuan gidatzen eta, seguru, berarekin izan direnek ez daukatela ahazteko.

Antzerkia zainetan

Bere sorterriko Taupada eta Ekekei antzerki taldeetan hasi zuen bere antzerki ibilbidea. Geroago, Durangon Karrika Antzerki Taldea sortu zuen hainbat lagunekin batera. Gidoigile, zuzendari, antzezle, kartelgile… antzerkiaren ertz guztiak landu zituen antzerkia bere osotasunean maite zuelako.

Lankide, irakasle edo lagun izan dugun guztiok bera ezagutu izanaren zortea gordeko dugu momentu saminotan.

“Orain arte gurekin, betirako gure bihotzetan. Agurrik ez, Txotxe!”

 

25URTE from Gaizka Uriarte on Vimeo.