“Umeen ahotsa gehiago entzun beharko litzateke”

Durangoko Umeen Kontseiluan parte hartu dute Kurutziagako Bittor Igarza Fernandez de Retana eta Maddi Garitaonandia Aizpurua ikasleek. Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako 13 ikaslek osatutako taldeak, alkateari eta udalbatzako zinegotziei 2024-2025 ikasturterako egindako lanaren emaitzak aurkeztu zizkieten joan zen astean, udal aretoan. Landako, Jesuitak, San Antonio, Zabalarra eta Nevers ikastetxeetako gazteek Durango hobetzeko ekarpenak egin dituzte: espazioen hobekuntza, migratzaileekiko harremanen zaintza eta pertsonen arteko harreman osasungarriak izan dira mahai gainean jarri dituzten gaietako batzuk.

Zein da Umeen Kontseiluaren helburua? Zertan jardun duzue?
Maddi:
Saiatu gara Durango hobetzeko ekarpenak egiten. Horretarako, hilean behin batzarrak egin ditugu.
Bittor: Harremanak zelan sustatu daitezkeen landu dugu, umeen zein beste belaunaldi batzuetako pertsonen artean. Esate baterako, ondorengo proposamena egin genuen. Atzerritik datozenentzako Durango Tour egitea proposatu dugu pertsona horiei harrera egiteko eta Durango erakusteko. Umeei zein pertsona nagusiei.
Maddi: Hirigintzaren aldetik ere proposamena egin dugu haur parkeetan hobekuntzak egiteko.

Udalarentzako aholkulari lana egin duzue. Zelan sentitu zarete?
Maddi: Hau nire bigarren urtea izan da, LH5. mailan nagoelako. Lehenengo urtean udala erakusten digute eta zelan funtzionatzen duen azaltzen digute. Aurten Bittorren lehenengo urtea izan denez, berak ezagutu du (LH4. mailan dago).
Bittor: Nire lehenengo urtea izan da, eta gustura sentitu naiz. Datorren urtean errepikatzeko gogoz nago.

Udala barrutik ezagutu duzue. Udal ordezkariak ezagutu dituzue?
Bittor: Bai, apur bat urduri egon nintzen beraiekin, baina ondo pasatu nuen.
Maddi: Udal ordezkariak ezagutzea asko gustatu zitzaidan. Gainera, alkatea jatorra dela iruditu zitzaidan.

Uste duzue agintariek umeen ahotsa gehiago entzun beharko luketela?
Bittor: Bai, umeok esateko duguna gehiago entzun beharko litzateke. Nagusiek udalbatza hilean behin egiten dute, eta umeek urtean behin. Joan zen astean egin genuen batzarra udal aretoan. Sarriago parte hartu beharko genuke.
Maddi: Nik irteera izan nuen eta joan zen asteko batzarrera ezin izan nintzen joan. Baina, ados nago Bittorrekin.