50. urteurrena antolatzen

Kurutziaga Ikastolak 50. urteurrena ospatuko du aurten eta taldetxo bat ari da honezkero ekitaldiak prestatzen. Talde horretako kide dira Idoia Elorriaga eta Elixabete Imaz. Biak ala biak ikasle ohiak eta gurasoak dira gaur egun Kurutziagan. Martxoaren 1erako prestatu dute urteurrenari hasiera emango dion ekitaldia.

Osatu da, beraz, 50. urteurrena antolatzeko taldea.

Abenduan deialdi orokor bat egin zen eta sei-zazpi lagun batu ginen. Aurrerago gehiago izatea espero dugu baina ideia batzuk jarri ziren mahai gainean eta horiei ekin diegu datak ere gainera datozelako.

Izan ere, ikastolaren legeztatze data 1968ko otsailaren 26koa da, ezta?

Hori da. Nahiz eta 1966/67 ikasturtean ekin zion bere ibilbideari data horri heldu diogu erreferentzia moduan. 26a bera astelehena denez, martxoaren 1ean, eguenez, berrogeita hamar urteotan ikastolan beharrean aritu direnei aitortza ekitalditxo bat egin gura diegu. Izan irakasle, sukaldeko langile, mantenimenduko… Bost hamarkada hauetan ikastola egunero-egunero aurrera atera dutenei esker ona adierazteko ekitaldi xumea izango da.

Beste ekitaldirik badarabilzue buruan?

Bai. Ikastolako sortzaile eta hasiera haietako bultzatzaileak ere gogoan dauzkagu eta, udaberrira begira baditugu ideia batzuk. Azken batean, urteurren honek ikastolaren jatorria, baloreak eta pertsonak ezagutzera emateko ere balio beharko luke. Nortzuk ziren, zer eta zelan egin zuten… Edo anekdotikoa izan daitezkeen kontuak: zergatik duen Kurutziaga izena, edo zein den logotipoaren historia…

Logotipoa aipatu duzuenez, gabonetan etxerako-lana bidali zenieten ikasleei 50. urteurreneko irudirako ideiak biltzeko.

Jaso ere mordoa jaso genituen! Haietako batzuk aukeratu eta profesionalengana jo genuen. Ikasleek egindako irudi batzuetan oinarritutako 50. urteurrenaren logotipoa datorren astean ezagutaraziko dugu.

50. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko jendeari deia luzatu behar zaio?

Jakina! Orain martxoaren 1eko ekitaldi horrekin ari gara baina hori pasa ostean berriz ere deialdi orokorra egingo dugu. Guraso, ikasle ohi, irakasle… Ideiak eta ideia horiek aurrera ateratzeko prest dagoen jendea behar dugu. Ikasle ohien bazkaria ere antolatu behar da, 25. eta 40. urteurrenetan egin zen bezala, urteotako argazkiak batu… Hainbat gauza! Zenbat eta jende gehiago batu errazagoa izango da.