Río de Ororen elikagai bilketa otsailaren 2tik 13ra

Aurten ere Río de Orok sahararrentzat jakiak jaso eta bidaltzeko kanpaina prestatu du, 2025-2026eko Karabana Solidarioa izenpean.

Ailegatu da kanpaina hori martxan jartzeko unea, eta joan den urteetan legez, 24 tona laguntza humanitarioz betetako trailera Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzea da xedea. Zoritxarrez, azken urteotan sahararrek jasotako laguntza nabarmen murriztu da, eta horrek ondorio lazgarriak izan ditu haien bizimoduan. Gainera, osasun-larrialdiak eta marokorekin piztutako gerrak egoerak okerrera egitea baino ez dute ekarri.

Hori guztia dela eta, aurten inoiz baino gehiago, Durangaldeko ikastetxeen beharra dute jakiak bildu eta proiektua burutu ahal izateko.

Horretarako, ikastolako idazkaritzaren aurrean kutxa handi bat utziko dute Rio de Oroko kideek, bakoitzak bere ekarpena bertan utzi dezan. Honakoak dira jaki beharrezkoenak: lekaleak, arroza, pasta, azukrea, sardinak oliotan, atuna oliotan eta konpresak. Ekarpen ekonomikoak ere egin daitezke, Bizum edo transferentzia bidez.

Kanpainak otsailaren 2tik otsailaren 13ra bitartean iraungo du.