“ZEOS programaren bidez gure gazteen ongizate emozionala eta digitala hobetuko dituzten praktikak sustatu nahi ditugu”

Hezkuntza komunitatean teknologia digitalen erabileraren inguruan hainbat kezka piztu da azken urteetan. Ikasleek egiten duten pantailen erabilera –batez ere mugikorrarena– dira ikastetxeko arduradunak eta familiak gehien arduratzen dituena. Gai hau lantzeko ikastolan sortutako GUK16 taldea erreferente da gure inguruan. Ildo horretan, Kurutziagak urrats bat gehiago emango du ZEOS programan parte hartuta. Ikasturte honetako hirugarren hiruhilabetean gauzatuko dute egitasmoa. Mari Luz Guenaga Kurutziaga Ikastolako presidente eta GUK16 taldeko kideak, Iñaki Valle DBHko elkarbizitza arduradunak eta Erika Lagoma GUK16 taldeko gurasoak programa honek suposatzen duen “aurrerapausoa” azpimarratu dute.

Zelan hartu du Kurutziagak ZEOS programan parte hartzeko aukera?
Mari Luz Guenaga:
Gai honen inguruan kezka orokor bat dago hezkuntza komunitatean. DBHko irakasleek sarritan ohartarazi gaituzte gailuen erabilera desegokiek sortzen dituzten elkarbizitza arazoez. Araudi bat egon badago, baina jarraibide horiek betetzeko familiak gurekin behar ditugu. Kontziente gara gazteen erantzun, portaera eta hizkuntza ikusita gailu hauen erabilera desegokiak zein eragin izan dezakeen. Hezkuntza komunitate honetako organo desberdinek bat egiten dute analisi honekin. Kezka horren aurrean, ikastolako GUK16 guraso taldeak ZEOS proiektua ezagutu zuen Durangoko Azokan, eta horrela sortu zen ikastolak proiektuan parte hartzeko aukera.

Zer da ZEOS programa?
M. L. G:
Programa berritzailea da EAEn. Gure gazteen artean teknologia digitalen inguruan harreman osasungarriak sustatu nahi ditugu, batez ere mugikorrekin. ZEOSek Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen esan nahi du. ‘Osasuna eta Ongizate Digitala Ehuntzen’ moduan definitu dezakegu. Gure ikasleak, haien familiak eta irakasleak teknologiaren erabilera kontziente eta osasungarrian hezteko eta ahalduntzeko diseinatutako programa bat da. Ikuspegi integral horrek hezkuntza komunitate osoa norabide berean gaia lantzen jartzen du.

Zeintzuk dira programaren helburuak?
M.L. G.:
Programa honen bidez gure gazteen ongizate emozionala eta digitala hobetuko dituzten praktikak sustatu nahi ditugu. Horixe da helburu nagusia. Ikastolan askotan gertatu zaigu gaiari heltzeko erreminta falta sumatzea, bai gurasoen eta baita irakasleen aldetik ere. Programa honen bidez, teknologia erabiltzeak osasun emozional eta mentalean dituen eraginei buruzko ezagutzak jasoko ditugu. Era berean, ahalduntze ariketa bat ere izango da. Ikasleei, familiei eta hezitzaileei tresna praktikoak emango zaizkie teknologien erabilera modu eraginkorrean eta osasungarrian kudeatzeko. Hezkuntza komunitateko agente nagusiok bat egiten dugu gai honetan, elkarlanean eta norabide berean. Ikastolako zuzendaritza eta irakasleak gai honetan oso inplikatuta daude, baita familiak ere, GUK16 ekimenean ikusi dugun moduan.

Zelan bideratuko dira programa honetan ateratako datuak eta ondorioak?
M.L.G.:
ZEOS programa Osasun Sailak babestutako ikerketa prozesu batean kokatzen da. Bertatik ateratako ondorioak konfidentzialtasunez eta era anonimo batean biltegiratuko dira Osasun Sailean bertan.

Edonork parte hartu dezake ZEOS programan?
M.L.G.:
Ikasleek, irakasleek eta gurasoek prestakuntza espezializatua jasoko dugu, osasun digitaleko eta emozionaleko adituek emanda. Azpimarratu behar da gurasoentzako prestakuntza horretan Durangoko edozein gurasok parte hartu dezakeela. Kurutziagakoez gain, herriko beste ikastetxeetako gurasoei ere parte hartzeko aukera eskainiko zaie. Kurutziaga barruan, DBH etapako irakasleek eta DBHko 4. mailako ikasleek parte hartuko dute.

Nola parte hartuko dute ikasleek, irakasleek eta familiek?
M.L.G.: Saioetara bertaratzen, informazioa izanez, kezkak plazaratuz eta praktikak jasoz zein inkesta anonimoak betez (ikasleak, familiak eta irakasleak). Ikasleak gailu mugikorren erabilerari eta pertzepzioei buruz ebaluatuko dituzte, egitasmoa egin baino lehenago edo geroago. Galderak honako hauek izango dira: zenbat mezu jasotzen diren egunean, zenbat aldiz kontsultatzen den mugikorra egunean mezurik jaso den ikusteko, sare sozialak kontsultatzeko, bideojokoekin jolasteko eta mugikorra erabiliz egunean kontsumitutako orduak. Halaber, ikasleek datu horiei buruz duten iritzia, kontsultak egiten diren eguneko uneak (goizez, arratsaldez, gauez/eskola-ordutegian, aisialdiko ordutegian), lagunekin aurrez aurreko harremanak versus digitalak, egoera emozionala eta abar galdetuko dira. Prozesuaren ebaluazioa ere egingo da. Ikasleen eta irakasleen gogobetetze maila, ikastetxearen onarpen maila eta familien inplikazio maila baloratuko dira.

Gurasoei dagokienez, formakuntza jasotzeko datak zehaztuta daude: maiatzaren 7an, 8an, 13an eta 16an izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Formakuntza guraso guztiei zuzenduta dago, ez da bakarrik DBHko gurasoentzat izango. Kurutziagatik kanpoko edozein gurasok ere parte hartu dezake formulario honetan izena emanda. Lau saio hauetan hainbat gai landuko ditugu gurasoekin: mugikorraren auziaren formakuntza integrala, osasun mentalari buruzko atala, sare sozialen arrisku eta erabilerari buruzkoa eta nerabezaroarekin lotutako gaiak (beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraikieraren garrantzia). Laugarren saioaren amaieran bilkura bat egiteko aukera egongo da. Lau saio hauek osatzen dute formakuntza, eta lauretara etortzea gomendatzen dugu. Izena emateko klikatu hemen.

Iñaki, Kurutziagako DBHko elkarbizitza arloko arduraduna zara. Telefono mugikorren, smart watchen… erabilera orokortu eta okerrek zelan eragiten dute ikastetxeko eguneroko bizitzan? Zelan eragiten dute gure gazteen ongizatean?
Iñaki Valle: Gizartean bezala gailuek ere presentzia dute ikastolako hainbat eremu eta lan esparrutan, ikasle zein irakasleon jardunean. Urteak dira ikastolak elkarbizitzatik egoera berri honi erantzuteko asmoz aurre hartu eta erabileraren inguruko jarraibideak eta arauak adostu zituela. Gailuen erabilera handituz joan da denboran eta adinean aurrera joan ahala, ikastetxetik kanpo zein barruan. Hala ere, maiz izaten ditugu arazoak tresnen erabilera desegokiak direla eta. Gauzak horrela, erabilera oker horien ondorioz arautegia jarraitzen dugunean, gatazkak eta eztabaidak egon ohi dira ikasleekin. Jarrera aldaketa nabariak eragiten ditu ikasleengan gai honek. Horrek tresnarekiko dependentziaren hastapenetara garamatza. Beraz, portaera hauek argi uzten dute hezkuntza komunitatean nola edo hala zerbait egin beharrean gaudela.

Irakasleok zelan hartu duzue programa honetan parte hartzeko aukera?
I.V.: Profesional moduan, begi onez eta komunitate osoarentzat oso lagungarria izan daitekeen aukera lez. Gure gazteek gailuekin duten harreman desegoki eta ongizate emozionalean duen eraginez jabetuta gaude guztiok; hortaz, kontzientzia hartu eta esku hartzeko aukera gisa hartu dugu programa hau. Azken finean, askotan jarrera eta portaera kontraesankorrak izaten ditugu teknologien erabilerari dagokionez. Izan ere, curriculuma aberasten, materialak egokitzen, ikaskuntza prozesua motibagarriagoa eta bisualagoa gauzatzen… laguntzen digute, baina, bestetik, ezin ahaztu honek guztiak erabileraren inguruko heziketa eta era bateko edo besteko kontrola ere eskatzen duela.

Era berean, eta oraingoan gizabanako moduan, gailu teknologikoak modu arduratsuan erabiltzea gure gizartearen erronka nagusienetariko bat den heinean, horien erabilera koherentea bultzatu nahi dugu. Horretan ere, uste dugu lagunduko digula proiektu honek.

Programak zein ikuspuntutatik lantzen ditu teknologia digitalak?
M.L.G.: ZEOS programaren helburua, batetik, mugikorrarekin harreman osasuntsu bat izatean datza, eta bestetik, gure gazteen ongizate maila psikoemozionala hobetzea guztion artean. Esperientzia eta ebidentzia akademikoa abiapuntu izanik, bi helburu horiek betetzeko eta bertaratuko direnen beharrizanak eta kezkak asetzeko jorratuko dira saioak.

Parte hartzea garrantzitsua izango da.
M.L.G.: Bai, eta benetan eskertu gura diegu DBHko irakasleei programan parte hartzeko azaldu duten interesa eta egindako ahaleginagatik. Gurasoak eta ikasleak ere parte hartzera animatu nahi ditugu, denok elkarlanean gai honetan aurrerapausoak ematea garrantzitsua delako. Etorkizun digital osasuntsuago batera bidean guztion ahalegina beharrezkoa izango da.

Kurutziagak gai hau aspalditik lantzen dihardu GUK16 guraso taldearen bidez. Zein da ikasturte honetan egiten ari zareten lana?
Erika Lagoma: Koordinazio lana egiten ari gara talde desberdinekin. Izan ere, ikasturteka talde bana dugu, 2011n jaiotako umeen gurasoekin hasi eta 2014ra arte. Talde bakoitzak bere bilerak eta lanketa propioa ditu. ZEOS programa ere martxan jarriko da, eta taldean oso pozik gaude aurrerapauso hau oso beharrezkotzat jotzen dugulako. Programa honen bidez, proiektua beste maila batean kokatzen da hezkuntza komunitate osoaren parte hartzearekin. Gurasoen formakuntzarekin jarraitzen dugu eta, alde horretatik, ZEOS programak formakuntza sakona eta oso interesgarria eskaintzen digu.

Kurutziagako GUK16 taldea erreferente da inguruan.
E.L.: Gure lanak interesa sortu du inguruko beste hainbat ikastetxetan ere. Bilera, hitzaldi eta artikuluak idazteko eskaerak jaso ditugu. Durangora begira, hainbat ikastetxerekin bildu gara. Inguruko ikastetxe eta herrietan ere bagabiltza hedapena egiten. Esate baterako, Atxondoko herri eskolako hiru guraso ordezkarirekin bilera izan genuen. Deiak jaso ditugu Elorriotik, Markinatik, Bilbotik, Beasaindik, Orozkotik eta baita Arratiatik ere.

Zeintzuk dira GUK16 taldearen hurrengo erronkak?
E.L.: Herri mailan elkarlana sustatzea instituzioak inplikatuz. Udala eta beste eskolak inplikatu nahi ditugu herri mailako formakuntza eta proiektu bateratua errotzeko. Era berean, bestelako formakuntzekin ere jarraitu nahi dugu, ikastolako gurasoen saretzea bultzatzen jarraitu, eta gure arteko kezkak eta interesak elkartzen dituen gunea sortuz.