Urte osoan zehar eta bereziki Martxoaren 8aren harira, ikastolako etapa guztietan berdintasunaren inguruko lanketa feminista egiten ari gara. Biharko egunari begira, Martxoak 8, gogoratu morez jantzita etortzea ikastolara.
Zer egiten ari gara ikastolan M8aren inguruan? Bada, HHko ikasleek lore morez osatutako lorategia margotu dute abesti ezagun baten esaldi esanguratsu batekin: Konplize ditut eta maite ditut denak.
Lehen Hezkuntzan ipuin tradizionalen lanketa abiatu dugu. Gaur egun ere, jendartean hedatuta dauden ipuin klasikoak jarri ditugu jomugan. Umeen literaturak tradizionalki izan duen funtzio argienetariko bat eredu femenino eta maskulinoak bereiztea da. Sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera batzuk ezartzen dira. Ipuin sexistetan, mutilak aktiboak, azkarrak, trebeak eta dinamikoak izaten dira; neskak, berriz, pasiboak, garbiak, ederrak, atseginak eta lasaiak. Ipuinetan agertzen diren emakume eta gizonengan, sexu bati markatzen zaizkion ezaugarriak besteari kentzen zaizkio.
Ipuinak tresna didaktiko ezin hobeak dira bizi-eredu, balio, tradizio… ezberdinak jasotzeko. Horregatik, bertan ematen diren rol eta estereotipoen inguruko hausnarketa kritikoa egitea nahi izan dugu eta detektatutako sexismoa gainditzeko ipuin horiek eraldatzeari ekin diogu.
Esan bezala, ipuin tradizionalen bertsio ugarik neska izatearen edo mutil izatearen oso patroi estandarizatuak bildu ohi dituzte. Eredu horietatik irtetea funtsezkoa da haurtzarotik prebenitu nahi badugu genero-indarkeria. Horregatik, beharrezkoa da erreferente berriak erakustea, haurrak birpentsatzera eramango dituzten ereduak eskainiz.
DBHn ostera, Talde Feministako kideek komiki eta marrazki lehiaketa antolatu dute LHko ikasleentzat. LH 1., 2. eta 3. mailako ikasleek marrazki lehiaketan parte hartu dute. LH 4., 5. eta 6. mailakoek, komiki lehiaketan. Maila bakoitzak gai ezberdin bat izan du abiapuntutzat (kirola, lanbideak, musika etab.)
Irabazleak Martxoaren 8an argitaratuko dira. Hala ere, lehiaketan parte hartu duten ikasle guztiek jasoko dute hamaiketakoa. Oso pozik azaldu dira Talde Feministako kideak, parte-hartzea uste baino handiagoa izan baita. Eskerrik asko denoi zuen ekarpenengatik!
Bestetik, azken egunotan Talde Feministako kideek DBHko irakasle zein ikasle ezberdinekin hitz egin dute gaur egun ematen diren zenbait egoera matxistei buruz. Denen testigantzak jasotzen dituen bideo bat sortu dute. Tutoretza saio batean bideo hau ikusi eta elkarren bizipenak jasoz, hausnarketa kolektibo bat egingo dute. Ikus-entzunezkoa prest dagoenean buletin honetan ikusgai izango duzue.
Honekin lotuta, tutoretza saio berean, beste ariketa bat (Eta hala ez bazan?) planteatuko diegu ikasleei. Ariketaren helburua txikitatik kontatu eta entzun ditugun istorio klasikoetan ageri diren jarrera eta jokamolde matxistak, nahiz eta askotan oharkabean igaro, detektatu eta berridaztea da.
Azkenik, Talde Feministako kideek martxoaren 10ean Durangon egingo den Lilakrosean parte hartuko dute.
Animatu eta zatoz zu ere lasterketan parte hartzera!