Eskolaz Kanpoko Ekintza ugari izango ditugu aurten Kurutziagan, batzuk berriak. Unai Zamalloa ari da bide horretan koordinatzaile lanak egiten, beste hainbategaz batera. Berak kontatu dizkigu eskaintzen nondik norakoak.
Aurten Eskolaz Kanpoko Ekintzen eskaintza zabal izango dugu. Zer aipatu dezakezu honen inguruan?
Aurreko ikasturtean zehar egindako hausnarketatik gatoz, eta aurten martxan hasiko gara. Parte hartzea zabala eta, egia esanda, espero zena baino handiagoa. Itzela! Horregaz guztiagaz, aurten martxan hasteko, hurrengo eskaintza bideratzea erabaki genuen:
3, 4 eta 5 urtekoei begira Dantzan Hastapena, L’atelier-en eskutik, sormena (esku lanak..) Sormening-eko Onditzekin eta Izanekin psikomotrizitate saioak landuko dira.
Lehen Hezkuntza osoari dagokionean, Dantza modernoa L’atelier-ekin, antzerkia Gorka Madrazogaz, Izanekin psikomotrizitate saioak eta Xabi Larrearekin zirku tailerra.
Hau guztia, aurten, lehenengoz bideratuko da. Momentuz, bidea egiten ari gara, eta aurten sortzen ari garena hurrengo urteetan jarraitzeko eta urtero hobeto joan dadin lanean ari gara. Badira hobetu beharrak, hainbat, eta badira ondo bideratuta daudenak ere. Baina honek guztiak bide ugari zabalduko ditu ikastolan eskolaz kanpoko ekintzetan trasmititzen eta hedatzen ditugun pentsaerak eta bizitzeko modua partekatzeko.
Noiz jarriko dira martxan ekintzen saioak?
Ekintza berriak antolatzeko prozesuak luzatu egin dira hainbat arrazoirengatik baina horrretan ari gara. Orain aurkezpen batzarrak egiten ari dira, bertan ekintzen informazioa zuzenean jaso eta azaroan martxan hasteko behar direnak lantzeko.
Kiroletan ere hasi dira. Aurten, eskubaloia, saskibaloia eta futbola dira. Entrenamendu ordutegiak atxikita daude web orrian. Atzo, LH4ko kirolarien gurasoekin batzarra izan genuen.
Multikirokak ere martxan daude. Oraindik izen ematea zabalik dago eta datorren irailaren 28an, eguena, 18:00tan hasita aurtengo aurkezpen batzarra egingo dugu.
Zeintzuk dira ekintza horiek martxan jartzearen helburu nagusiak?
Ikastolaren esparruan aisialdiari lotzen zaion une zein gune orok haurren heziketan garrantzi handia du. Horregatik, berebiziko garrantzia hartzen du esparru horietan gauzatzen den elkarreragina zein hizkuntzatan ardazten den, horrek baldintzatuko baititu gerora hedatuko diren komunikazio-ohiturak.
Kurutziaga Ikastolan, gela barruko jardunak hizkuntzari egiten dion ekarpenak gelaz kanpoko espazioan segida aurkitzea gura dugu. Gure ikasleek espazioz aldatzean hizkuntzan erdararen aldeko mudarik egin ez dezaten bideak eskaini gura ditugu zeintzuetan haurrek gela barrutik daramaten euskarazko elkarreragina ez den etengo. Bide horretan, argi ikusten dugu gure ikasleek euskara gozamenagaz lotuz gero, hizkuntzaren erabilera sustatuko dugula.
Zein garrantzitsua da gazteek euskaraz jardutea eskola orduetatik kanpoko espazioetan?
Eskola orduetatik kanpo gauzatzen diren ekintza guztiak elkarreraginean eta etengabeko komunikazioan gauzatzen dira. Espazio hauek baliabide apartak dira euskararen erabileran sakontzeko eta gure hizkuntzarentzat arnasguneak sortzeko. Beraz, EKE taldearen egitekoek hiru hari-mutur hauek izango dituzte: aisia, hezkuntza eta hizkuntza.