Liztor asiarrak arazo bihurtu dira ingurumenarentzat. Duela hamarkada bat baino gehiago da liztor mota horiek Euskal Herrian ditugula, baita Durangon ere, eta udan gero eta sarriago ageri dira. Dorkaitz Basarte ikastolako irakaslea da, eta Durangon bezala ikastolan ere tranpak jarri ditu, liztor asiarrak harrapatzeko.
Liztor asiarren mehatxua handitu egin da azken urteetan. Zergatik ikusten ditugu gehiago gaur egun gurean? Zelan heldu da hona?
Gure ingurunera oso ondo moldatu den espeziea da, espezie exotiko inbaditzailea bihurtu delarik. 2005ean lehendabizikoz egurra zeraman itsasontzi batean Bordeleko portuan (Frantzia) agertu zen eta 2010ean lehen aldiz aurkitu zuten Hego Euskal Herrian.
Arriskutsua da liztor asiarra gure ekosisteman?
Bai, erlauntzak erasotzen ditu. Erregina izaten da lehena erlauntzetara harrapakinen bila hurbiltzen, larbentzako elikagaia lortzeko. Ekainetik aurrera langileak izango dira lan hau egingo dutenak. Liztor gutxi batzuek, denbora tarte laburrean, erlauntza oso bat suntsitu dezakete.
Liztor asiarrak horrenbeste erle hiltzeak ingurunean eragin negatibo handia du, erleak dauden polinizatzaile nagusiak direlako, galera ekologiko handi sortzen dutelarik. Gainera, erleak hiltzerakoan, izugarrizko galera ekonomikoa eragiten ari da erlezainei.
Zer egin behar dugu liztor asiar baten habia ikusiz gero?
- Gutxienez 5 m-ko distantzia utzi habiarekiko.
- Ez zirikatu liztorrak.
- Ez suntsitu kabiak zure kabuz.
- Udaltzaingoarekin harremanetan jarri eta habiaren kokapen zehatza eman.
Liztor asiarrak harrapatzeko teknika bat daukazu. Zelan ezagutu zenuen teknika?
Proiektu honekin hasi nintzen Iñaki Narbaizaren eskutik. Nigaz kontaktuan jarri zen. Berrizen bizi da, eta irakaslea izateaz gain, erlezaina da. Inguruko beste eskola batzuetan (Berriz, Elorrio…) proiektu hau aurrera eraman du. Berak irakatsi zidan tranpak nola egin eta kokapen egoki bat izateko bete beharreko baldintzak. Tranpak egiteko prozesuan, DBH1. mailako ikasleriak parte hartu du.
Zer emaitza izan du orain arte? Non jarri dituzu tranpak?
Tranpak hiru eremutan jarri ditugu: Aramotz auzoaren inguruan 8 tranpa, Landako inguruan 12 eta Tabira inguruan beste 4. Ikastolako kanpo-espazioan ere beste tranpa bat jarri dugu. Guztira Durangon 25 tranpa jarri ditugu. Momentuz, tranpa hauekin guztiekin 43 liztor asiar erregina eta 10 liztor asiar langile harrapatu ditugu. Liztor asiar gehien erori diren tranpa Ikastolakoa da, 13 erreginekin.
Zein da liztor asiarrak desagerrarazi edo behintzat gure ingurutik aldentzeko (posible bada behintzat)?
Momentu honetan liztor asiarra gure ingurunetik desagertzea zaila izango da. Hala ere, egin dezakegun onena proiektu honetan egiten ari garena da: udaberri garaian liztor asiar erreginak harrapatzea. Harrapatutako erregina bakoitzak milaka langile izango dituen habia sekundario bat garatzea ekiditen du. Beste ekintza efektibo bat, uda garaian, liztor asiarraren habi sekundarioen identifikazioa eta erauzketa da.
Zelakoak dira liztor asiarraren habiak?
Liztor asiarrak bi motatako habiak egiten ditu: habia primarioa eta habia sekundarioa.
Habia primarioa erreginak udaberrian egiten duen lehenengo habia da. Tenis pilota baten tamainakoa da.
Habia sekundarioa liztor langileek udan egiten duten bigarren habia da. Habia primarioa baino askoz handiagoa da. Habia primarioa zegoen leku berean egin ahal dute, edo kokapena egokia ez dela ikusten badute, beste leku batean.