Joan zen zapatuan Durango Sariak banatu zituzten San Agustin Kultur Gunean. Hainbat saritu egon ziren bertan, tartean Kurutziaga Ikastolatik igarotako hainbat pertsona. Saritu askoren ahotan egon zen ikastola, hain zuzen ere. Karrika Antzerki taldeak bere esker ona adierazi zien Berbarori, Fray Juan de Zumarraga institutuari eta Kurutziaga Ikastolari, taldearen sorreran parte hartzeagatik. Bide beretik aurkeztu zuten zapatuko protagonistetako bat, Eneko Sagardoy. Gogoratu zuten ikastolan eta Karrikan antzezten hasi zen haurra lehen aktore Goya saridun euskalduna bihurtu zela.
Horrez gain, Jon Sarobe dantzaria eta ikastolako guraso ohia ere saritu zuten. Unerik berezienetarikoa izan zen duela gutxi zendu den Leopoldo Zugazaren semea, Miguel, oholtzaratu zenean sari bila. Berak ere ikastola gogoratu zuen, izan ere ikasle ohia da, eta bere aita Leopoldok ikastolaren sorreran parte hartu zuen.